Hitzetik Hortzera sudur gorriarekin

2024/02/08
Beatriz Egizabal kontalari lasartearra izango da larunbat gaueko programako protagonista, Zeanuri eta Abadiñoko bertsoaldiekin batera. Hitzetik Hortzera 21:00etan ETB1en.

Ipuin kontalaria, clown-a, umoregilea… kontakizunen alor desberdin asko jorratzen ditu bere langitzan Beatriz Egizabal lasartearrak. Berarekin elkartuko da aste honetan Mirari Martiarena. 25 urte daramatza herriz herri, baina oraindik askotan galdetzen diote ea nondik atera den. Umorea du lanerako erreminta eta aldian aldian laguntzen dio sudur gorriak. Desberdina baita clown-a izatea eta bakarrizketak egitea.

Begirada feministatik sortzen ditu bere emankizunak, ez baitu beste begiradarik ulertzen. Horregatik askotan etiketatzen dute bere umorea emakumeentzat dela. Etiketa horieri buruz, emakumeen umoreari buruz eta umorearen norabideei buruz arituko dira. Baita 2024an dituen hainbat proiekturi buruz ere.

Bertsolaritza ere izango dute hizketagai Beatriz Egizabalek eta Mirarik. Bertsozale estandartzat du bere burua Beatrizek. Azken urtetan Ane Labaka bertsolariarekin Erradikalak gara eta Erradikalak ginen emanaldiak eskainiz ibili da eta orain heldu dio Bertso clown emanaldi bereziak egiteako erronkari.

Zeanuri eta Abadiño

Bizkaia aldeko bi saiotako bertsoaldiak eskainiko dituzte aste honetako Hitzetik Hortzeran. Batetik Zeanurin egiten den urteroko bertso jaialdiari egingo diote lekua. Eñaut Intxaurraga gai-jartzailearen aginduetara aritu ziren Amets Arzallus, Igor Elortza, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio.

Bestetik Abadiñon egin zen bertso afariko bertsoaldiak izango dira. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu ziren kantuan; Txaber Altubek eta Aitor Bizkarrak jarri zituzten gaiak.

Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en, eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.