Hitzetik Hortzera Señora Bertso Eskolan

2023/10/26
Bilboko Biran izango da aste honetan Hitzetik Hortzera Señora Bertso Eskola ezagutzeko. Horrez gain, Lekunberriko eta Odietako bertsoaldiak izango dira, larunbatean 21:00etatik aurrera, ETB1en.

Hiru astetik behin, Bilboko Erronda kalea Señora Bertso Eskolaren kabi bihurtzen da: Oihana Bartra santutxuarrak egiten ditu gidari lanak Bira Kulturgunean. June Fernandezek proposatu zion Bartrari emakumeen bertso-eskola bat sortzeko erronka. Proposamenari heldu eta bertsotan egiten hasi nahi duten señorentzat topalekua sortu zuten. Giro feministan eta umoretsuan biltzen dira.

Señora Bertso Eskolak baditu aurrekariak, izan Señora Sariketa edo Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Gune hauek bertsolaritzan sortzen duten ahizpatasunari eta babesguneari buruz hitz egingo du Bartrak; baita Señora Bertso Eskolan sortzen den giroaz eta bera taldearen gidari bezala transmititzen eta irakasten saiatzen denaz ere.

Oihana Bartrarekin aritzeaz gain, Señora Bertso Eskolako kideekin hitz egingo du Mirari Martiarenak larunbat honetako Hitzetik Hortzeran. Bertso-eskola honetan duten esperientziari buruz galdetuko die Amaia Barasordari, Irati Altuzarrari eta Pili Llorenteri.

Jone Uriaren bertso jarriak

Aste honetako programan Jone Uriaren bertso jarriak izango ditugu. Diskurtsoez izeneko sorta prestatu du algortarrak, eta Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikariek lagunduta arituko da kantuan.

Jone Uria, bertso sorta musikatua.

Lekunberriko eta Odietako bertsoak

Lekunberriko festetako saioko bertsoaldiak entzungo ditugu aste honetako programan. Maddi Soroak eta Olaia Soroak egin zituzten gai-jartzaile lanak; bertsotan Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina aritu ziren.

Odietan egin ziren bertso musikatuak ere ez dira faltako. Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal aritu ziren kantuan Iñigo Ibarraren esanetara, Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariek lagunduta.

Gogoratu: Hitzetik Hortzera larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta noiznahi EITB Nahieran atarian.

Bilboko Biran izan da Mirari Martiarena Oihana Bartrarekin.