Hitzetik Hortzera: Palestina Bertsotan

2023/03/09
`Palestinako Emakumeak Oroimenean´ izenburuko bertso saioa egin zen Elorrion UNRWA Euskadik antolatuta. Saio hori ardatz hartuta, Palestinako emakumeen errealitatera hurbilduko da aste honetako Hitzetik Hortzera. Gonbidatu desberdinak izango dituzte bidelagun horretarako. Elorrioko bertsoaldiez gain, Senperen Herri Urratsek antolatutako bertsoaldiak ere izango dira aste honetako programan.

Bertsoek bidaiatzeko eta sentsibilizatzeko balio dute, horren erakusgarri izango da aste honetako Hitzetik Hortzera. Palestinako emakume errefuxiatuen errealitatea ezagutarazteko bertso saioa izan zen Elorrion. Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Iruri Altzerreka aritu ziren kantuan Ainhoa Urienen esanetara UNRWA Euskadik antolatutako saioan.

UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei laguntzeko Nazio Batuen Euskadiko Agentzia da. Palestinan, errefuxiatuen esparruan nahiz kanpoan bizi diren palestinar errefuxiatuei eta beren ondorengoei laguntza ematea da euren lana. Macarena Arrieta UNRWAko langileak azalduko ditu elkartearen eta Palestina Bertsotan ekimenaren nondik norakoak.

Horrez gain, Nadia Nemeh euskal palestinarraren testigantza ere jasoko du saioak. Palestinako emakumeei buruzko estereotipoak eta horiek apurtzeko beharrari buruz arituko dira. Eta bukatzeko Aihoa Urienekin hitz egingo dute. Horrelako saio batean gidari lanak egiteak sortzen dituen lanei buruz aritzeko.

Herri Urratsen aldeko saioa

Azken Txapelketa Nagusiko finalisten bertso saioa antolatu zuen Herri Urratsek Senperen. Xalbat Alzugaray-ren esanetara aritu ziren Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi eta Beñat Gaztelumendi. Jaialdi horretako bertsoaldiak entzuteko aukera izango da, Elorriko bertsoaldiekin batera.

Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan ETB1en.

Macarena Arrietarekin ezagutuko dugu UNRWUA Euskadik egiten duen lana.