Hitzetik Hortzera Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean

2023/11/29
Abenduaren 2an Nafarroako Finala zuzenean emango da ETB4n, eta igandean Hitzetik Hortzera berezia izango 15:00etan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian. Bertan ariko dira kantuan Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saats Karasatorre, Saioa Alkaiza, Sarai Robles eta Xabat Illarregi.

Finala zuzenean ikusteko aukera izango da ETBn. Arratsaldeko 16:45etik aurrera ETB4n jarraitu ahal izango da Anaitasunako saioa, Ilaski Serranok aurkeztutako programa berezian. Ilaskik alboan izango du Aimar Karrika bertsolaria, bere ikuspuntua eman eta saioaren analisia egiteko.

Ondoren, 21:00etatik 22:00etara, ETB1en saioaren bukaera eskainiko da: buruz burukora iritsi diren bi bertsolarien arteko saioa.

Txapeldunarekin elkarrizketa

Finalaren biharamunean, abenduaren 3an, igandean, Hitzetik Hortzera berezia izango da 15:00etan ETB1n. Anaitasunako bertsoaldiak eta Mirari Martiarenak txapeldunari egindako elkarrizketa ikusteko aukera izango da.

Finalak beti dira bereziak, bai bertsozaleentzat eta baita bertsolarientzat ere. Zortzi bertsolariek eskarmentua dute plazan eta baita txapelketan ere. Julio Soto da Nafarroako finaletan eskarmentu gehien duen bertsolaria: hamaikagarren finala du Gorritikoak, eta bost alditan izan da txapelduna. Eneko Lazkozek zortzigarren finala du aurten; hiru aldiz iritsi da buruz burukora Etxarrikoa. Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi hirugarrenez ariko dira finalean. Saioa Alkaiza da gaur egungo txapelduna, eta bigarren finala du larunbatekoa iruindarrak; Josu Sanjurjok ere bigarrena du. Estreinako aldia dute finalean, berriz, Saats Karasatorre etxarriarrak eta Sarai Robles barañaindarrak.

Alaitz Rekondok jantziko dio txapela aurtengo Nafarroako txapeldunari.

Bertsoarekin hitzordu bikoitza asteburu honetan ETBn.