Hitzetik Hortzera kolosala izango da

2023/11/02
Jokin Pinatxo musikaria izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako protagonista. Errenteriako eta Lekunberriko jaialdiek osatuko dute larunbatean, 21:00etan, ETB1n emango den programa.

Urtebeteko bidea egin du Janus Lesterren Ez gaitzala loak harrapatu lanak. Jokin Pinatxo beratarra da taldearen ahotsa, eta berarekin elkartu da Hitzetik Hortzera. Askok ez dakiten arren, baduelako bertsolaritik pixka bat ere.

Gazteagotan Berako bertso-eskolan ibili zen Jokin Pinatxo. Etxetik datorkio bertsozaletasuna, eta orain bertsotan aritzen ez den arren, gertutik jarraitzen ditu bai bertso-eskolako kontuak eta baita bertsoaren bueltan sortzen direnak ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketa kasu. Eskolartekoan, plazetan eta sariketaren batean kantuan aritutakoa da Pinatxo.

Ez gaitzala loak harrapatu, Dap-dap edo Maitasuna tabu abestiak ezagunak egin dira Janus Lesterren jarraitzaileen artean, baita Errenterian ospatutako Kilometroetako abestia ere. Jon Maia bertsolariaren hitzei musika jarri eta Erriola abestia osatu zuten elkarlanean.

Bertsotan ikasitako hainbat gauza lagun izaten ditu kantuak sortzerakoan Jokinek. Horiei buruz eta azken urtean Janus Lester taldeak izandako arrakastari buruz hitz egingo du Mirari Martiarenarekin. 2023ko udazkena kontzertuz kontzertu ibiliko dira, eta bigarren lanaren prestaketa lanak ere egiten gogotsu ari dira Janus Lester taldeko kideak. Izan ere, daukaten arrakasta euren abesti batek dion moduan kolosala izan da, eta ziur datorrena ere kolosala izango dela.

Errenteria eta Lekunberriko bertsoak

Errenteriako Niessen aretoan egindako jaialdiko bertsoaldiez gozatzeko aukera izango dute Hitzetik Hortzerako ikus-entzuleek. Amaia Agirre aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jon Maia eta Maialen Lujanbio bertsotan.

Lekunberriko festetako bertso saioan Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina aritu ziren kantuan, Maddi Soroa eta Olaia Soroaren esanetara.

Gogoratu: Hitzetik Hortzera larunbatean 21:00etan, ETB1en.

Jokin Pinatxo Janus Lesterreko abeslaria izango da Hitzetik Hortzeran.