Hitzetik Hortzera: Izena duena bada

2023/03/30
Denboraldiko azken Hitzetik Hortzeran Paul Urkijo izango da protagonista. Eider Perezek Gasteizen elkarrizketatu du Irati film arrakastatsuaren zuzendaria. Bertsorik ere ez da faltako larunbat gauean, Biriatuko eta Zornotzako jaialdietako bertsoaldiak entzuteko parada izango baita.

Paul Urkijo zine zuzendaria izango da Hitzetik Hortzerako denboraldiko azken programako elkarrizketatua. Irati filma zinema aretoetara iritsi eta aste batzuk pasa ondoren, gustura dago Urkijo jendeak emandako erantzunarekin. 

Mundu zahar eta berriaren arteko talka Iratiko Oihanetik pantaila handira eraman du Paul Urkijok eta 111 minutuan uztartu ditu fantasia, mitologia, historia, magia, ekologia…

Izena duen guztia bada, dio filmak eta baita Urkijok berak ere, euskal mitologiaren zaletua umetatik, herritik jasotakoa, forma aldatu eta berriro herriari itzultzea izan da filmarekin egin nahi izan duena.

Aintzinako euskara

Paul Urkijoren lanean Irati filmean zein Errementarin euskarak pisu berezia hartzen du. Aintzinako euskararen testuraren bilaketan aritu da Gorka Lazkano hizkuntzalariaren laguntzarekin eta aktoreek ederki interpretatu dituzte euskara horren berezitasunak.

Zornotza eta Biriatuko bertsoaldiak 

Biriatun ikastolen alde ospatu zen bertso saioa ekarriko dugu gogora. Bertan, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Maddalen Arzallus aritu ziren bertsotan, Aimar Karrika aritu zen gai-jartzaile lanetan. Biriatuko saioaz gain, Durangaldea Uztabarritzen zikloaren barruan Zornotzan egindako bertso saioko bertsoaldien aukeraketa ere eskainiko dizuegu. Bertan aritu ziren kantuan Alaia Martin, Igor Galartza, Janire Arrizabalaga eta Igor Elortza, Jon Ander Urkiagaren esanetara.

Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan ETB1en.