Hitzetik Hortzera itsasoan murgilduko da igande honetan

2018/10/04
Aspaldikoa da bertsolaritzak itsasoarekin duen harremana. "Balearen bertsoak" dira horren froga ezagunenetako bat. Bigarren programan Oriora joango gara eta bertan itsasoa eta bertsolaritza ondo uztartzen dituen Ibai Esoain ezagutuko dugu. Horrez gain, Bermeoko saioko bertsoaldiak entzungo ditugu.

Orion jaio, hazi eta bizi da Ibai Esoain, 2018ko Basarri bertso-paper lehiaketako irabazlea. Aurten Sigi-Saga izeneko bertso-sortarekin lortu du XXXIV. Basarri Saria irabaztea. Esoainek angula arrantzaren kontakizuna egiten du, pertsonaren barne motibazioetan barrena, beregan eragin handia izan zuen osaba Manuelengana hurbilduz eta baita zenbait kritika eginez ere. Eider Perez aurkezlea eta biak txalupan itsasoratuko dira eta arrantza, bertsoa, inspirazioa eta abar izango dituzte hizpide Hitzetik Hortzerako aste honetako atalean. Mundu ezberdinak nola uztartzen diren azalduko digu Esoainek.

2018-10-07. HH-02

Bertsoak Bermeotik eta Donostiatik

XVIII. mende bukaeran bertso paperak zabaltzen ziren gehienbat gertakizunen berri emateko, denetariko gaiak jorratuz. Jendeak buruz ikasten zituen eta bertsoari iraunkortasuna emateaz gain, bertsolarigaien eskola izan ziren eta gainera molde nahiz doinu berriak zabaltzen zituzten. Gaur egun ere badute bere lekua bertso paperek eta horietako bat antolatzen diren lehiaketak dira. Bermeoko saioan Uxue Alberdik Thierry Biscay musikariaren disko berrirako idatzitako 100 alargunen dantza kantua abestuko du. 1912ko galerna izugarriaz hitz egiten du letrak: 146 arrantzale hil ziren, gehienak bermeotarrak.

Bertsoaldi andana entzuteko aukera izango da programan zehar. Denboraldiko bigarrenean iraila hasieran Bermeoko Andra Mari jaietan egin zen bertso-saiora joango gara bertan kantatukoak entzuteko. Oholtza gainera igo ziren Amets Arzallus, Fredi Paia, Igor Elortza eta Uxue Alberdi. Gai-jartzaile lanak Amaia Agirrek egin zituen. Horrez gain Donostiako Euskal Jaietako bertso-saiotik ere entzungo dugu bertsoaldiren bat eta baita historikoren bat berreskuratu ere.

Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITBren Nahieran orrian.

Orion izango da Hitzetik Hortzera.