Hitzetik Hortzera bi gurpilen gainean

2024/01/11
Ion Izagirre txirrindularia elkarrizketatuko du Mirari Martiarenak aste honetako programan. Eta bertsoaldiei dagokienez, Amurrioko eta Elgoibarko bertso jaialdiak eskainiko dira larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Goierrira egingo dute buelta aste honetan Hitzetik Hortzerako lagunek; Ion Izagirre txirrindulariarekin elkartuko dira bere herrian, Ormaiztegin. Txirrindulari profesionala eta bertsozalea da Izagirre. Negu gorrian, 2024ko denboraldia buruan duela eta entrenamendu saioekin hasita harrapatu dute.

Etxetik datorkio txirrindularitzarekiko zaletasuna Ion Izagirreri; Gorka anaiarekin batera egin du bizikleta gaineko ibilbidea. Munduko hainbat lekutako lasterketetan parte hartu du Ion Izagirrek, baina berezienak etxekoak dira berarentzat. Azken Frantziako Tourrari buruz ere ariko dira hizketan, besteak beste, Ion eta Mirari. Euskal Herrian hastea berezia izan zen Izagirrerentzat, eta are bereziagoa izan zen 13.egunean etapa garaipena lortzea. Euskal txirrindularitzaren etorkizunaz eta gaur egun gazteek dituzten aukerez ere arituko dira. 

Bertsozale gaztetxoak

Urte berriarekin batera atal berria ere badakar Hitzetik Hortzerak. Euskal Herriko bost bertso-eskoletako gaztetxoei bertsolaritzari buruzko galderak egin zaizkie, eta euren hausnarketak eta erantzunak ikusi ahal izango ditugu. Alegiako, Arantzako, Azkaingo, Gasteizko eta Igorreko gaztetxoek hartu dute parte.

Amurrioko eta Elgoibarko jaialdiak

Gabonen bueltan bertso jaialdi asko egin ohi dira Euskal Herrian, eta urteroko hitzorduetako bi izaten dira Amurrion eta Elgoibarren. Bi herri horietako bertsoaldiak eskainiko dira aste honetako programan.

Amurrion urtea hastearekin batera egiten da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalisten saioa. Irati Andak egin zituen gai-jartzaile lanak, eta kantuan aritu ziren Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina. Elgoibarren Maite Berriozabalen esanetara aritu ziren, aldiz, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Ion Izagirre txirrindularia izango du protagonista aste honetako programak.