Hitzetik Hortzera Bertso Egunean

2023/02/02
Pasa den larunbatean ospatu zen Azpeitian 2023ko Bertso Eguna eta Hitzetik Hortzera bertan izan zen. Aste honetako saioan beraz, inoiz baino bertsoaldi gehiago izango ditugu. Bertsoak ez ezik, zenbait bertsolarik ere egunaren nondik norakoak kontatuko dizkigute.

Egun betea izan zen urtarrilaren 28koa Azpeitian, goizean goiz hasi ziren kalean bertso giroa nabaritzen trikiti soinuak lagun. Plazatik abiatu eta herriko zenbait tabernetan bertso poteoa izan zen. Kanpoan hotz zegoen arren, mingainak eta eztarriak bero izan zituzten bertsolariek eta mikrofonoa eskuz esku ibili zen.

Bost bertso bazkari

Poteoaren ondoren, aldi berean bost bertso bazkari egin ziren Azpeitiko elkarte desberdinetan. Guztira 200 lagun inguru elkartu ziren mahaiaren eta bertsoen bueltan.

Libreko hiru saio izan ziren. Batetik Jone Uria eta Sustrai Colina aritu ziren Ollagorra elkartean. Bestetik, Maialen Akizu eta Ane Labaka Zulo-Zabal elkartean eta Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga Oilo soro elkartean.

Imanol Artola Felixen gaiei erantzunez aritu ziren Nerea Elustondo eta Andoni Egaña Ziripot elkartean. Bertso musikatuak ere ez ziren falta izan, Txalintxo elkartean aritu ziren bertsotan Ane Ezenarroren esanetara Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Aitor Etxeberriazarraga eta Maddalen Arzallus, Araiz Bizkai eta Gari Otamendi lagun.

Afaria eta ekitaldia Azoka Plazan

Gauean, afalondoren jarraitu zuen bertso festak Azpeitiko Azoka Plazan. Elikaguneko lagunek prestaturiko afariaz gozatzeko 300 bertsozale elkartu ziren. Afalostean ez zen bertsorik falta izan librean aritu ziren Maialen Lujanbio eta Eñaut Martikorena. Ondoren gaiak jarrita Ane Zuazubiskar, Maddi Ayestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles aritu ziren. Bertso jarriak abestu zituzten Aissa Intxaustik eta Josune Aramendik Aner Peritzen laguntzarekin eta ondoren aritu ziren Xabat eta Joanes Illarregi, Ander Fuentes Itturriren laguntzarekin. Bertso saio hau Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarrok gidatu zuten.

Eguna borobiltzeko, berriz ere oholtzara igo ziren Maialen Lujanbio eta Eñaut Martikorena, bi hernaniarrek eman zioten 2023ko Bertso Egunari bukaera.

Bertso Egunaren laburpena larunbatean, 21:00etan ETB1en.