Hitzetik Hortzera Begoña Iturrizarekin

2023/12/07
Bilbotarrak jantziko dio txapela 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari, eta bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako protagonista. Larunbatean, 21:00etan, ETB1n.

Bilbao Arenan egingo den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalari begira jarriko da Hitzetik Hortzera asteburu honetan. Horretarako, irabazleari txapela jantziko dion Begoña Iturrizarekin izango da Mirari. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako partaide izan zen Iturriza, eta modu honetan, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen 40.urteurrenean, aitortza egin nahi dio elkarteak hasierako partaide haien lanari.

Gaztetan euskara berreskuratzen hasi zenean bertsozaletu zen Begoña Iturriza: Euskaltzaindiak antolatutako ikastaroetan eta baita Xabier Amurizak gidatutakoren batean ere. Hala ere, bere bertsozaletasunaren mugarri izan zen 1980an jokatutako Txapelketa Nagusiko finala. Karmelo Balda pilotalekuan bertan izan zen Begoña Iturriza, eta momentu hunkigarri bezala gogoratzen du final hura. 

Ondoren hasi zen Santutxuko bertso-eskolan eta Bilbon sortu zen bertso mugimenduan antolakuntzan eta inurri lanean: bertso eskolak emanez, saioak antolatuz eta tokatzen zenean bertsoak jarriz eta abestuz. Garai haietako lanez eta Bizkaiko gainerako bertso-eskolekin zuten harremanaz arituko da hizketan Mirari Martiarenarekin.

Iturriza bertso-eskolan hasi zenean, oso emakume gutxi ziren bertsoaren bueltan zebiltzanak. Emakumeek plazan izan duten bilakaerari buruz ere arituko dira Mirari eta biak: pozez eta gustura ikusten eta entzuten ditu gaur egungo emakume bertsolariak.  

Lemoako finalaurrekoa

Bizkaiko finalaren atarian, txapelketan jokatu zen azken finalaurrekoaren errepasoa egingo da aste honetako Hitzetik Hortzeran. 

Lemoan izan zen eta honako bertsolari hauek aritu ziren kantuan: Aissa Intxausti, Ibai Amillategi, Josune Aramendi, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita. Idoia Anzorandiak egin zituen aurkezle eta gai-emaile lanak. 

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1n. Eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Begoña Iturrizarekin elkartu da Mirari Bilbao Arenan.