Hezitzaileak prest, Bertso Udalekuetarako

2019/05/07
Udalekuetan lanean izango diren zuzendari, begirale zein sukaldariak elkartu genituen pasa den larunbatean, udako aisialdi ekintzei eta gazteekin izango dituzten hartu-emanei begira lagungarri izango zaien saioa eskaintzeko.

Aisialdiaz eta bertsolaritzaz gozatzen igaroko dute aurtengo uda bertsozale gazte askok; zehazki, 204 lagunek hartuko dute parte Bertso Udalekuetan, eta haiekin izango dira 40 hezitzaile, izan zuzendari, sukaldari, begirale eta begirale praktikak egingo dituztenak.

Udalekuetan egin beharko dituzten aisialdi ekintzak prestatzeko eta gazteekin zein gainerako kideekin izango dituzten hartu-emanetarako baliagarriak egingo zaizkien irakaspenak lantzeko, prestaketa eguna izan zuten hezitzaileek pasa den larunbatean Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan. Besteak beste, Naizen elkarteko Bea Server eleduna izan zen gurean, transexualitatearen gaia mahaigaineratzeko eta hezitzaileen formazioan txertatzeko.

Hezitzaileak umorez, gogotsu eta indartsu sumatu ditugu. A ze uda izango dugun!

40 hezitzaile ariko dira Bertso Udalekuetan. / XDZ