Hazparnen hartu du Bertsozale Elkarteak Korrikaren lekukoa
Euskara Gara lelopean hasi da 24. Korrika, eta dagoeneko eskuz esku dabil mezua daraman lekukoa. Atharratzen hasi eta Bilbon amaituko den bidean Korrika egingo dute Euskal Herriko hainbat norbanako eta eragilek, baita Bertsozale Elkarteak ere.
Izan ere, Bertsozale Elkartearen jarduna kulturgintzan kokatzen den arren, bertsoa ez litzateke posible izango hizkuntzarik gabe, euskararik gabe. Alegia, bertsoak hizkuntza du lanabes, euskara. Eta hizkuntzaren bidez kantatzen dio euskal jendarteari, kontatzen du testuinguruaz, garenaz. Euskal kulturaren transmisioa egiten da bertsotan; eta bertsoa bera da euskal kulturaren parte. Horregatik, Bertsozale Elkarteak bat egiten du Korrikarekin. Euskararen kontzientzia suspertzea ezinbesteko ikusten duelako, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa giltzarri direla uste duelako, herri egiten gaituzten bi gako direlako; eta herri gogoa itzaltzen ari den garaiotan, pizkunde berri baterako beste txinparta bat izan daitekeelako.
Hori horrela, Bertsozale Elkarteak ere izango ditu kilometroak:
- Euskal Herriko Bertsozale Elkartea: Martxoaren 19an, Hazparnen, 23:11ean. 77. kilometroa.
- Nafarroako Bertsozale Elkartea: Martxoaren 21ean, Pitillasetik Caparrosorako bidean, 04:00ak aldera. 367 kilometroa.
- Bertsularien Lagunak Elkartea: Martxoaren 26an, Milafrangan. 1448 kilometroa.
- Bizkaiko Bertsozale Elkartea: Martxoaren 29an, Bilbon, 09:15ean (Ferrokarril etorbidea, autobus geltokia). 3375 kilometroa.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen kilometroan Ion Zabaleta bazkideak eraman du lekukoa. 20 urte daramatza Elkarteko bazkide izaten eta zozketa tokatu izanak «ilusioa» egin diola azaldu du. Bestela ere KORRIKAren hasieran egoteko plana zuen, familian, «eta poz handia» eman dio bizipen hori, momentu hori, etxeko txikiekin partekatu ahal izan duelako. «Beraiei hori transmititzea oso garrantzitsua iruditzen zait», gaineratu du.
Zabaleta beti izan da oso bertsozalea, bai bera eta baita bere ingurua ere. Saio asko entzutekoa da, mota askotarikotakoa. Hasieran lagunekin joaten zen bertsoak entzutera, baina orain familiarekin ere egiten du bertsotarako plana.
Lekukoa bertsozaleak eramatea pozgarria da Elkartearentzat ere. Bazkideak baitira honen guztiaren oinarri eta zaleak baitira plazak bizi egonarazten dituztenak. Izan ere, entzulerik gabe, bertsoak ez du bide luzerik.