Hasi dira 2026ko Bertso Udalekuak

2026/07/10
Lau txanda izango dira aurten ere eta guztira 199 kide elkartuko dira. Haur eta gazteak bertsozaletzea eta saretzea da Bertso Udalekuen helburu nagusia.

Aurtengo udan bizitzasunez beteko da Ezprogi herria. Izan ere, Bertso Udalekuetako hiru txanda egingo dira bertako Getadar aterpetxean, eta ia uztail osoan Euskal herriko txoko desberdinetako gazteak ibiliko dira hara eta hona herrian.

Jarraian izango dira Getadarreko hiru txandak: lehenengo txandakoak hilaren 15era arte egongo dira han; 16an hasiko dira bigarrenekoak; eta, jarraian, 25ean, hirugarrenekoak. Getadarrek Zuhatzari pasako dio lekukoa: han izango da aurtengo azken txanda, uztailaren 26tik 31ra bitartean.

Hemen txandei buruzko xehetasunak:

  • GETADAR (Ezprogi, Nafarroa)
    12-13 urtekoak
    uztailak 9-15

  • GETADAR (Ezprogi, Nafarroa)
    16-18 urtekoak
    uztailak 16-24

  • GETADAR (Ezprogi, Nafarroa)
    14-15 urtekoak
    uztailak 25-31

  • ZUHATZA (Uribarri-Ganboa, Araba) 
    9-11 urtekoak
    uztailak 26-30

 

1998an antolatu ziren lehen aldiz Bertso Udalekuak, Hazparnen, eta antzeko helburuekin jarraitu dute gaurdaño: ume eta gazteak bertsozaletzea, bertsotan gozatzea, eta, horrela, bertsotan jarraitzeko motibazioa areagotzea. Horrez gain, Euskal Herri mailako harreman sareak egiteko balio dute udalekuek, eta, bide horretan, elkarbizitza balioak lantzeko ere bai.

Haur eta gazteentzat ez ezik, hezitzaileentzat ere ikasteko gunea da: iniziatiba eta ardurak hartzen, antolaketan, ondorengo belaunaldiaren transmisioan... Gainera, hezitzaile lanetan dabiltzan asko, aurretik, bertso udalekuetako haurrak izandakoak dira. Bertsolariek ere txandaro egiten diren bertso saioetan hartzen dute parte. Hortaz, transmisiorako gako dira udalekuak, besteak beste, egun plazan dabiltzan bertsolariekin hartu emanean baitaude haur eta gazteak.

Bertso eskoletako jarduna udan ere bizirik

Aurtengo Bertso Udalekuetan 199 kide elkartuko dira: 166 ume eta gazteak izango dira eta 33 hezitzaileak. Partaideen gehiengoa bertso-eskoletan dabilena da, eta helburuetako bat horixe da, bertso-eskolen jarduna bizi eta emankor jarraitzea uda ostean ere. Alegia, haur eta gazteak bertsotarako gogoz jarraitzea.

Antolatzeko laguntza ere urtez urte jasotzen dugu: Irizar gure bidelaguna da proiektu honetan, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekimena laguntzen dute.