Hasi da Bertso Udalekuen 27. aldia
Nafarroako Uitzi herrian nabarituko zuten. 12-13 urte bitarteko Euskal Herriko herrialde desberdinetako gaztetxoen topagune baita gaur hasi eta uztailaren 13ra bitarte. Bertso Udalekuen lehen txanda han izango da, eta horrekin emango zaio hasiera 27. aldiari. Euskal kulturan eta euskaran oinarritutako jolasekin eta euskarazko sormen adierazpideekin gozatzen pasako dute astea, eta, ondoren, testigua pasako diete Bidarraiko lagunei. Honela, lau txanda osatuz:
Bertso Udalekuetako txandak
- ZUHATZA (Araba)
9-11 urtekoak
uztailak 25-29 - UITZI (Nafarroa)
12-13 urtekoak
uztailak 7-13 - SARRIA (Araba)
14-15 urtekoak
uztailak 24-30 - BIDARRAI (Behe Nafarroa)
16-18 urtekoak
uztailak 14-23
1998an antolatu ziren lehen aldiz Bertso Udalekuak, Hazparnen. Orduko asmo berberarekin antolatzen dira udaro: haur eta gazteak bertsozaletzea, bertsotan gozatzea, eta, honela, bertsotan jarraitzeko motibazioa areagotzea. Horrez gain, Euskal Herri mailako harreman sareak egiteko balio dute udalekuek, eta, bide horretan, elkarbizitza balioak lantzeko ere.
Haur eta gazteentzat ez ezik, hezitzaileentzat ere ikasteko gunea da: iniziatiba eta ardurak hartzen, antolaketan, ondorengo belaunaldiaren transmisioan... Gainera, hezitzaile lanetan dabiltzan asko eta asko, aurretik, bertso udalekuetako haurrak izandakoak dira. Bertsolariek ere txandaro egiten diren bertso saioetan ere hartzen dute parte. Hortaz, transmisiorako gako dira udalekuak, besteak beste, egun plazan dabiltzan bertsolariekin hartu emanean baitaude haur eta gazteek.
Kopuru ederrak
Uztailean egingo diren lau txandetan 196 kide elkartuko dira. Horietatik, 161 haur eta gazteak izango dira eta 35 hezitzaileak. Partaideen %87 bertso-eskoletan dabilena da, eta helburuetako bat horixe da, bertso-eskolen jarduna bizi eta emankor jarraitzea uda ostean ere. Alegia, haur eta gazteak bertsotarako gogoz jarraitzea.
Uitzin, Bidarrain, Sarrian zein Zuhatzan izango direnen %80a iaz ere izan zen Bertso Udalekuetan. Probatzen duten gehienek errepikatu egiten dute, beraz. Eta antolatzeko laguntza ere urtez urte jasotzen dugu. Irizar gure bidelaguna da proiektu honetan, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekimena laguntzen dute.