"Guri zaila egiten zaigu etiketa bat jartzea. Ikusi ondoren, bakoitzak bere erara defini dezala"

2022/02/01
eRRe emanaldia ondu dute Aner Peritzek, Haizea Aranak, Leire Vargasek eta Oihana Aranak. Otsailaren 5ean eskainiko dute emanaldia estreinakoz Durangoko San Agustin Kultur Gunean; ondoren, beste zortzi emanaldi dituzte jada hitzartuta. Urtarrileko BertsoZalea berripaperean topatuko duzu protagonistei egindako elkarrizketa.

Nola sortu zen eRRe?

Aner Peritz: eRRe ez da gu laurongandik sortutako proposamena; Lankuk proposatu zigun. Lehendabizi Oihanari Lankuko Marta Agirrezabalak, eta handik laukotera etorri zen. Aurreko udan bazkaritarako bildu eta aurrera egitea erabaki genuen. Bertso emanaldia egiteko proposatu ziguten, eta hortik aurrera geuk erabaki dugu dena: gaiak, formak, moduak, testuak… bertso emanaldi bat zer den ere bai.

Aldarri bat bertsoz. Zeren aldarria da eRRe?

Haizea Arana: eRRe gauza askoren aldarria da, eta ez da kasualitatea gure gorputz eta identitateetatik sortua izatea. eRRek geure gorputzak zeharkatzen dituzten hainbat gairekin kritiko izan nahi du; horien artean, bertsolaritzarekin. Betiere, geure ikuspuntutik eta autokritika puntu batekin. Bertso munduari bertsolari bollera eta marika gazte batzuen ikuspuntua adierazi nahi zaio, oholtzan dugun lekua aldarrikatuz eta gure artean hainbestetan partekatu, baina publiko egin ez ditugun gai eta aldarriak plazara eramanez.

Ohituta zaudete bertsotan oholtza gainean, baina bestelako esperientzia dirudi honek. Laguntzarik izan duzue emanaldia oholtzara ekartzeko?

Leire Vargas: Bai, guztiz bestelako esperientzia da: gutxi bat-batekotik, denak egon behar du prestatuta eta ondo pentsatuta, denak izan behar du zentzua eta praktikotasuna, bai emanaldiaren funtzionamenduari eta bai ikusleak ulertuko duenari begira. Gidoia idazteko ez genuen aparteko zailtasunik eduki: sortu genituen eRRe osatzen duten hamar eszenak eta baita haien testuak ere.

Taularatzea zen arazoa, ordea. Pare bat hilabetez egon ginen geure kabuz horretan lanean, era guztiz instintiboan, eta ohartu ginen antzerki mundutik zetorren norbaiten laguntza behar genuela. Hala, logikoa iruditu zitzaigun gure zuzendaria izango zen Edurne Azkarateri deitzea: aurretik ezagutzen genuen, eta bagenekien behargin fina zela. Eta esperientzia bikaina izan da harekin lan egitea, baiki; asko irakatsi digu, eta oinarritik hasita xehetasunetaraino eraman gaitu performatuko dugun hori birpentsatzera eta hari zentzua ematera, halako eran non orain benetan argi baitugu zertan ari garen eta zergatik. Guk ikusi ere egiten ez genituen gauzetan jarri du fokua berak, eta trinkotasuna eman dio eRReri zentzu bisual eta eszenikoan. Ezinezkoa litzateke oholtzara eramango dugun hori publikoak merezi duen antzerki mailara iristea hura gabe.

[Bertso Udalekuei eta Ahots Baten sormen topaguneari buruz] "Ekimen hauek lagundu digute bertsoaren inguruko sareak sortzen, taldea egiten eta bertsoa taldean egiten den zerbait moduan ulertzen"

Bertsolaritzak elkartutakoak zarete, baina bestelako kultur diziplinetan ere baduzue esperientziarik. Bertso Udalekuak edo Ahots Baten bezalako egitasmoek lagundu zaituztete zuen sorkuntzan hazten?

Oihana Arana: Hasteko eta behin, esan beharrekoa da elkar aipatu ekimen horietan ezagutu dugula. Anerrek, Haizeak eta Oihanak 2014an ezagutu genuen elkar Bertso Udalekuetan, eta Leire 2020ko Ahots Baten sormen topagunean batu zen taldera. Ekimen hauek lagundu digute bertsoaren inguruko sareak sortzen, taldea egiten eta bertsoa taldean egiten den zerbait moduan ulertzen. Hortaz, ezinbestean izan dute eragina gure sorkuntza ulertzeko maneran, norbere proiektu propioetan, eta, batez ere, emanaldi konkretu honetan.

Bertso saioa, antzerki emanaldia, errezitaldia… kategorien aurka dagoen ekoizpena badago definitzerik?

Interesatzen zaigun hori kontatzeko moduak atakatzen saiatu gara, emanaldi hibrido bat osatzeraino. Gai bakoitza lantzeko aproposena iruditu zaigun diziplina aukeratu dugu: bertsotik dezente dauka, antzerkitik ere bai, badago musika, narrazioa, "dantza"… Guri zaila egiten zaigu etiketa bat jartzea. Ikusi ondoren, bakoitzak bere erara defini dezala.

 

eRRe emanaldiaren hurrengo hitzorduak

Otsaila Martxoa

5 Durango

15 Iruñea

18 Aretxabaleta

19 Zizurkil

4 Soraluze

9 Tolosa

11 Zuia

12 Astigarraga

25 Zarautz

Elkarrizketa urtarrileko BertsoZalean ere irakurgai.

Leire Vargas, Haizea Arana, Oihana Arana eta Aner Peritz.