Giro ederrean ospatu da 2023ko Bertso Eguna

2023/01/30
Azpeitia bertsoz bete zen larunbatean. Pandemia osteko murrizketarik gabeko lehen Bertso Egunean Azpeitiko kaleak, tabernak eta elkarteak hartu ziztuten bertsoek eta bertsozaleek.

Neguko hotzari beldurrik ez diote bertsozaleek eta horixe erakutsi zuten larunbatean Azpeitian. Bertso poteoarekin eman zitzaion hasiera egunari eta trikitilarien laguntzaz tabernaz taberna ibili ziren librean abestuz.

Ondoren, herriko bost elkartetan egin ziren formatu desberdinetako bost bertso bazkari. Hiru libreko saio, bat gaiekin eta bestea musikatua izan ziren eta guztira 200 lagunetik gora bildu ziren.

Librean aritu ziren Jone Uria eta Sustrai Colina; Ane Labaka eta Maialen Akizu; eta hirugarrenean, Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Bertso saio musikatuetan aritu ziren Aitor Etxeberriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal; musikaren ardura izan zuten Gari Otamendik eta Araitz Bizkaik. Gaiei erantzunez aritu ziren, berriz, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bosgarren bertso bazkarian. Azken bi saioetan aritu ziren gai jartzen Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix 

Gauean Azpeitiko Azoka Plazan, Elikaguneak prestaturiko afaria izan zen. 300 lagun elkartu ziren afaltzeko eta ondoren ere bertsoak izan zuen lekua. Maialen Lujanbiok eta Eñaut Martikorenak eman zioten librean saioari hasiera. Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarroren esanetara aritu ziren Sarai Robles, Peru Abarrategi, Maddi Ayestaran eta Ane Zuazubiskar. Bertso jarriak abestu zituzten Josune Aramendi eta Aissa Intxaustik, Aner Peritzen laguntzarekin. Baina ez ziren bakarrak izan, Xabat eta Joanes Illarregik ere eraman baitzuten beren bertso sorta, Hauek Ander Fuentes Itturriren laguntza izan. Gaueko saioa bukatzeko, berriz ere librean aritu ziren Martikorena eta Lujanbio.