Gaur, bertso saioa zaleekin

2020/06/05
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amasa-Villabonako Subijana etxearen atzean izango da saioa, Gudari Plazan. Bertsoa.eus atarian ere jarraitu ahal izango dira bi txandak.

Azken asteotan Bidaiak eta Plaza ekimenekin bertsolariak leku berean elkartu ditugu, eta gaur pauso bat gehiago eman eta zaleak gehituko gara.

Guztira 160 bat zale elkartuko garela aurreikusten dugu, bi txandetarako eskuragai zeuden gonbidapenak banatuta. Gaur goizean aritu gara eserlekuak atontzen, egun eskatzen den distantzia mantenduta; eguraldi aurreikuspena lagun, egoitza dugun Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Subijana etxearen atzean egingo dugu bertso saioa, Gudari plazan.

18:30ean izango da lehen txanda, eta 20:00etan, bigarrena. Txanda bakoitzerako, sarbide ordu jakin bat eman zaie ikus-entzuleei pilaketak saihesteko. Eserlekuan eseri arte maskara eraman beharko dugu zaleok; eta gauza bera, behin saioa amaituta, handik altxatzerakoan. Inondik inora ezingo dira eserlekuak tokiz mugitu, eta, une oro, antolatzaileen argibideei kasu egitea eskatzen zaie bertaratutakoei. Ordubeteko txandak izango dira, eta batetik bestera eserlekuak behar bezala garbitu eta desinfektatuko dira.

Bertsoa.eus atarian ere eskainiko da saioa zuzenean, eta hautaketa ere izango da eskura datozen egunetan. Amets ArzallusHaritz MujikaMaialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artola gai jartzen. 

Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin antolatu dugu saioa. Bertsozaleak ere badu honelako plazen eta elkarteak bertsolaritzaren inguruan egiten duen lanaren alde ekarpena egiteko aukera. Horretarako prest ditugu bi bide: Bizum bidez, 688.886.935 telefono zenbakian; edota Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kodean: ES16 3035 0060 43 0600042844 [BIC (Swift) kodea behar izanez gero, CLPEES2MXXX].

Gero arte!