Gabiriako bertsozaletasunari buruz arituko dira aste honetako Hitzetik Hortzeran

2026/04/16
Eresti Oiarbide gabiriarra elkarrizketatuko dute programan, herriko bertsozaletasunari buruz egin zuten liburua abiapuntu hartuta. Osinalde Sariko bertsoaldiak eta Zumaiako jaialdikoak ere izango dira larunbatean, ETB1en.

Bistakoa da herri bertsozalea zela eta dela Gabiria. Eta gai horri helduta, herritar talde batek afizio horrek izan duen transmisioa ikertzeari ekin zion. Ikerketa horren emaitza da Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian liburua. Talde horretan aritu zen Eresti Oiarbide Murua, eta aste honetako Hitzetik Hortzeran aztertutako horien nondik norakoak ekarriko ditu pantailara.

2021ean Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak esleitutako ikerketa beka eskuratu zuen Oiarbideren eta Maialen Akizu Bidegainen ikerketa proposamenak, eta horrela, ikertzeari bide eman zioten. Programan azalduko den moduan, Gabirian bertsozaletasuna noiz jaio zen ez dute topatu, baina hainbat gako bildu dituzte liburuan. Gako horiei buruz, Gabiriako bertsoaren ekosistemari buruz eta erreferenteei buruz ere arituko da Oiarbide.

Eta nola ez, Gabiriako bertsozaletasunari buruz hitz egiteaz derrigorrean aipatu beharrekoa da Osinalde Saria: 1973an sortu zen, eta ordutik Gabiriari eta bertsolaritzari egiten dion ekarpenari buruz hitz egingo du Oiarbidek saioan.


Gabiriako eta Zumaiako bertsoaldiak ere izango dira

Gabiriari buruzko programan, ezin falta Osinalde Sariko bertsorik; horregatik, aurtengo edizioko bertsoaldiak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Maddi Agirre Epelde izan zen irabazlea, eta haren ondoan aritu ziren kantuan Egiar Otegi Torres, Eki Mateorena Zozaia, Haira Aizpurua Ibargarai, Iruri Altzerreka Martinez eta Janire Arrizabalaga Munduate; Ane Etxezarretak egin zituen gai-jartzaile lanak.

Horrez gain, Zumaiako bertsoaldiek osatuko dute programa. Urtero bezala, bertso jaialdia egin zuten festetan, eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Andoni Egaña Makazaga, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Maialen Lujanbio Zugasti, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Illarregi Marzol aritu ziren kantuan. Gai-jartzaile lanetan Jon Maia Soria aritu zen.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan ETB1en.