Fauna berri bat bertso txikitan

2020/12/16
"Plaza askotarikoa da, Ipar polokoak diruditen frontoietako jaialdietatik, bertso poteoak diren tropikoko oihaneraino". Asier Galarza Garai, bertsolari gazteen plazaratzeari buruz aritu da "Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen" aldizkarian, eta blogean berreskuratu dugu.

Bertsolaria animalia balitz, plaza litzateke haren habitat naturala. Plazan egiten du bere bizitzaren gehiengoa, plazan eraikitzen ditu harremanak, plazan trebatzen da, plazan elikatzen da eta hazten da.

Ekosistema horren ezaugarri bereziak direla eta bizirauten du bertsolariak, eta, zorionez, babestutako ingurunea da. Babesgune bat izanagatik, baina, guztiek (batez ere gazteek) ez dute bertan egoteko aukerarik, edo ez diraute behar bezala garatzeko bezainbeste, eta, tamalez, plazatik kanpo ez dago bermatuta bertsolariaren biziraupena.

Oinordekotzarik bermatu ezean, espezieak desagertu egiten dira, eta hala gaudelako irudipena badut; noizean behin agertzen diren ale ederrenei tentuz begira, espezimen berriak txertatzeko ahalegina egin beharrean.

"Oinordekotzarik bermatu ezean, espezieak desagertu egiten dira, eta hala gaudelako irudipena badut"

Kantaera, joera, gorputz, ideia eta ikuspuntu ezin desberdinagoak plazaratzen diren garaiotan, aldarrikapen eta borroka zaharrak ahaztu gabe berri eta beharrezkoak azaltzen diren garaiotan, onurak baino ez lekarzkete txertatze guzti horiek bertsoaren ekosistemarentzat.

Plaza askotarikoa da, Ipar polokoak diruditen frontoietako jaialdietatik, bertso poteoak diren tropikoko oihaneraino. Badaude basamortuak, basoak, itsasoak eta mendikateak, guztienak direnak eta guztientzat direnak.

Berriak jaio ziren, berriak jaio ginen eta berriak jaioko dira, eta sinbiosia posible dela badakigu tarteka azaltzen diren egoeretan ikusten delako guztiak elkartzea aberasgarria dela, eta, horretaz gainera, ederra. Beraz, bila, presta edo molda dezagun ekosistema bertsolari guztiak (batez ere gazteak) bertan bizi daitezen, bertsolaritzak aurrera egingo badu behintzat.