Euskararen erronkei buruz hitz egingo du Idurre Eskisabelek Hitzetik Hortzeran
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia elkarrizketatuko du Mirari Martiarenak aste honetako Hitzetik Hortzeran. Euskararen biziberritze eta normalizazioan euskarak dituen erronkei begira jarriko dira, baita Kontseiluak dituen lanei buruz ere. Urtebete da euskara larrialdi linguistikoan zegoela adierazi zutela.
Euskararen kontrako oldarraldi judiziala ere izango dute hizketagai: epaitegietatik herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituzten erabakiak datoz azken boladan eta Kontseilua buru-belarri ari da oldarraldi horren aurka lanean. Ez dira ordea ahulguneak izango Eskisabelekin hitz egingo diren bakarrak, euskararen biziberritzearen indarguneak ere aipatuko dituzte.
Bertsozaletasunari buruz ere arituko dira: Eskisabelek aita oso bertsozalea zuen eta amonak umetan bertso jarriak kantatzen zizkion. Bertso plaza askotan entzule izana da eta gaur egun bertsoarekin duen harremanari buruz hitz egiteko tartea ere hartuko dute.
Galdakaoko eta Atarrabiako bertsoak ere, ikusgai
Astero bezala, plazako bertsoak ere ekarriko ditu pantailara Hitzetik Hortzerak.
Alde batetik, Galdakaoko jaietan egiten den jaialdiko bertsoaldiak ikusiko dira. Arkaitz Estiballes gai-jartzaile zela, bertsotan aritu ziren Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Xabat Galletebeitia.
Beste alde batetik, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua izan zen Atarrabiako festetan. Bertsotan egin zuten Miren Artetxek, Uxue Alberdik eta Onintza Enbeitak, Araitz Bizkai eta Oihana Landa musikariek lagundurik; gai-jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre aritu zen.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.