Euskal sortzaileen lan baldintzak Hitzetik Hortzeran

2024/01/25
Amagoia Gurrutxaga Lanarteko koordinatzailea elkarrizketatuko da aste honetako programan. Hendaiako eta Tolosako bertsoaldiez gozatzeko aukera ere izango da larunbat gauean ETB1en.

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea da. 2019an hasi ziren sortzeko lehen pausoak ematen, eta gaur egun, koordinatzaile lanetan dabil Amagoia Gurrutxaga. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua, eta euskal sortzaileen eta interpreteen lan baldintzei buruz hitz egiteko elkartuko da Mirari Martiarenarekin.

Jendearen uste handienetako bat da, euskal sortzaileak oparotasunean bizi direla. 2020ko pandemiak agerian utzi zuen euren zaurgarritasuna. Sektorearen egoerari begiratzeaz gain, dituzten zama administratiboei buruz ere arituko da Amagoia Gurrutxaga; baita modu duin batean bizitzeko dituzten zailtasunei buruz ere.

Euskal sortzaileak Espainiako eta Frantziako administrazioetan banatuta daude; ardura administratibo desberdinak dituzte, beraz. Hego Euskal Herrian gainera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Foru Gobernuak eta ogasun desberdinek dituzten eskakizunei erantzun behar izaten dietela azalduko du Amagoiak. Espainian sortzen ari diren artisten estatutuari buruz ere arituko dira.

Gaur egun Lanarteko koordinatzailea bada era, kazetari bezala bide luze eta oparoa egin du Amagoia Gurrutxagak Euskaldunon Egunkarian eta Berrian. Tartean tokatu izan zaio bertso kronikak idaztea, eta langintza horrek dituen zirrikituei buruz galdetuko dio Mirarik.

 Hendaiako eta Tolosako jaialdiak

Hendaian Harrera eta Balea elkarteek elkarlanean antolatu zuten jaialdiko bertsoaldiak entzuteko aukera izango da aste honetako programan. Maddalen Arzallusek egin zituen gai-emaile lanak eta bertsotan aritu ziren Alaia Martin, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.

Tolosan, berriz, Leidor zineman Ataria bertso jaialdia egin zen. Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariek kantatu zieten Amaia Agirrek emandako gaiei.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en, eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Amagoia Gurrutxagarekin izango da Mirari.