<!DOCTYPE html> Eskolartekoa iritsi da azken geltokira — Bertsozale Elkartea

Eskolartekoa iritsi da azken geltokira

2015/06/09
Egun osorako festa ospatuko da ekainaren 27an, Orion. Bazkarirako txartelak ekainaren 19ra bitarte daude salgai.

Herrialde bakoitzean Eskolartekoaren saioak ospatuta, Euskal Herri mailakoari egingo zaio tartea orain. Ekainaren 27an burutuko da saioa Orion eta egun osoko festak hartuko du herria, XXVII. edizio hau biribiltzeko.

Eskolartekoak bere bidea egin du herrialde bakoitzean, eta hala aukeratu dituzte finalean arituko diren bina ordezkari. Nafarroakoek apirilaren 24an egin zuten euren egun handia, handik gutxira gipuzkoarrek eta maiatzaren amaieran arabarrek. Azkenik, iragan asteburuan egin ziren Bizkaiko eta Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko azken saioak, Igorren eta Hazparnen. Aurten, guztira, 15-18 urteko 112 gaztetxo aritu dira, eta horietako 9 izango dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean:

Saioa Maialen Lujanbio Zugastik aurkeztuko du eta bukaeran, Sustrai Colina Akordarrementeriak jantziko dio txapela nagusitzen denari. Sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo den Negulekua izango da; Euskal Herriko finalista guztiek egonaldia dohainik izango dute.

Eskolarteko Txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.

Egun osorako egitaraua, prest

11:00etan abiatuko da Eskolartekoaren finala frontoian, baina festak gerora ere izango du jarraipena. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan; 150 lagunentzat prestatuko da tokia eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean, produktu ekologikoak izango dira oinarri. Herri bazkarirako txartelak aurrez hartu behar dira, www.bertsosarrerak.eus atarian, ekainaren 19a baino lehen.

Bazkalostean, Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Akordarrementeria plazako oholtzan arituko dira librean. Ondoren, Keshala eta Bi Bala musika taldeek joko dute.

Oriora hurbiltzeko autobusak jarriko dira herrialdeetatik; autobusean etorri nahi dutenak jar daitezela harremanetan euren herrialdeko Bertsozale Elkartearekin.

Finalari buruzko informazioa www.bertsozale.eus eta www.ikastola.net atarietan argitaratuko da. Bat-bateko finala ikusgai jarriko da www.bertsoa.eus webgunean.

Antolatzaile eta laguntzaileak

Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.

EH-ko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini duten erakundeak hauexek izan dira:  Orioko Udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.

Iaz ere Orion ospatu zen Eskolarteko finala