Eskolarteko finaleko bazkarirako txartelak, eskuragai

2018/05/15
Ekainaren 9an egingo da Euskal Herriko Eskolarteko jaia Saran. Goizeko saioaren ondotik, festak jarraipena izango du eta tartean bazkaria ere eskainiko da Lur-Berri aretoan. Salgai jarri dira txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian.

Festa egun handiarekin biribilduko da aurten ere Eskolarteko egitasmoa. Ekainaren 9an izango da Saran, iaz egin moduan, eta goizean Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko finala gauzatuta, egitarauak jarraipena izango du bazkari eta emanaldi batekin. Lur-Berrin eskainiko da otordua Idokiren eskutik, eta han bazkaldu ahal izateko txartela eskuratu beharko da aurrez; www.bertsosarrerak.eus atarian lortu ahal izango da txartela gaurtik hasita, 16 euroren truke. Laster emango dira eguneko egitarauari buruzko xehetasun gehiago.

Lurralde gehienetan Eskolarteko egitasmoak amaitu du bere bidea: apirilaren 20an amaitu zuten lehenek, gipuzkoarrek eta nafarrek, gerora egin dute Bizkaian eta Araban, eta asteburu honetan emango zaio amaiera Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Hiru lurraldeei dagokien Eskolarteko finala Hazparnen izango da larunbatean, 11:00etan, eta Bertsu Eskolen Eguna ospatzeko baliatuko da hitzordua. Hala, asteburuan zehaztuko da behin-betiko parte-hartzaileen zerrenda.

Eskuratu bazkarirako txartelak orain!

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu elkarlanean Eskolarteko egitasmoa; aurten, gainera, 30 urte beteko ditu. Hala, Mikel Mendizabal bertsolariak eta Ikastolen Elkartean bertsolaritza sustatzaile arduratan aritzen denak jantziko dio txapela irabazleari.

 

 

Bazkarirako txartelak jada eskuragai, www.bertsosarrerak.eus atarian.