Eskatu Bapatean 2025 liburua doan!

2026/01/29
Bapatean 2025 bertso eta informazio bilduma DOAN eskuratzeko aukera izango duzue Bertsozale Elkarteko bazkideek. Eskaera gaurdanik egin dezakezue, otsailaren 5a bitarte.

2025eko Bapateanek dakartza, besteak beste, Euskal Herri osoko bertso plazei buruzko informazioa, eskualdearen araberako saio kopuruak, aldizkako saio zein sariketen berri eta Xenpelar Dokumentazio Zentrora (XDZ) grabatuta iritsi diren bertsoaldien hautaketa bat. Lurraldetasuna, generoa, belaunaldiartekotasuna, saio mota, doinu berriak… bezalako aldagaien baitan hobetsitako bertsoaldiak dira, beti ere, bertsolari bakoitzaren saio kopuruan oinarrituta.

Beraz, Bertsozale Elkarteko bazkide izanez gero eta Bapatean 2025 paperean eta doan eskuratu nahi izanez gero, aski duzu izen-emate fitxa betetzea; otsailaren 5a duzu horretarako azken eguna.

Eskatu Bapatean 2025 hemen.

Bertsoaldiei dagozkien audioak eskuratu nahi izanez gero, fitxa berean dago eskaria egiteko aukera. Ahalik lasterren bidaliko dizkizugu bertsoaldiak.

Aurtengo edizioari Maika Etxekopar Lougarotek egin dio aitzinsolasa, Bapatean izenekoa. Bertsoei dagokionez, Bapatean 2025k 709 bertso dakartza; 75 bertso saiotako 93 bertsoalditan multzokatuak. Gainera, bertsoaldi bakoitzari dagokion informazioa ematen da: gai, doinu, parte hartzaile, antolatzaile… bai eta saio bakoitzaren testuinguruari buruzko zertzeladak ere.

Bapatean 2025 liburuko bertsoaldien corpusak herritarrek antolatutako bertso saioetan bat-batean kantatutako hainbat bertso biltzen ditu; txapelketakorik ez dakar, ez bada herrialdeetako txapeldunen agurra edo gazte sariketatan kantatutakoak.

Jende askoren lanaren emaitza da Bapatean 2025a. Borondatezko grabatzaileei esker jaso ahal izan ditugu ehunka bertsoaldi eta zenbait potret. Eskerrik beroenak beraz, saioak grabatu zein argazkiren bat egin eta XDZra helarazi dizkiguzuenoi.

Proiektua gauza zedin Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oreka eta Eusko Jaurlaritzaren ondare immaterialaren azterketarako dirulaguntza jaso ditu Bertsozale Elkarteak.