Erabateko berritua hartu du Bertsoa.eus atariak

2017/06/27
Itxura erabat aldatzeaz gain, bilaketak errazteko aukerak eskaintzen ditu webgune berrituak. 7.000 bertsoaldiko ondarea osatua du Sareko Plaza Digitalak, eta orain bilaketak bertsolariaren arabera eta saioka ere egin ahal izango dira.

Plazako bertsogintzari interneten beste plaza bat eskaintzeko bokazioz sortu zen Bertsoa.eus ataria duela hamaika urte. Geroztik 7.000 bertsoaldi baino gehiago argitaratzeaz gain, bertsogintzaren egunerokoa jarraitzeko albiste, elkarrizketa eta erreportaje ugari sareratu ditu erredakzio-taldeak.

Hamaika urteko lanaren ondoren, atariari buelta bat eman eta itxuraz eta mamiz berritzeko garaia iritsi da. Azalean bertsogintzak hartu du espaziorik zabalena, ikus-entzunezko bertso-edukiei lehentasuna emanda. Horrez gain, asteroko elkarrizketa zabalak eta eguneroko informazioak ere esku-eskura ageri dira.

Baina azalez bakarrik ez, mamiz ere berritua dator ataria. 7.000 bertsoaldi pasatxoko ondarean bilaketak errazte aldera bertsolariaren arabera eta saioka bilatu ahal izango dira saioak. Honekin guztiarekin, udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipen osoagoa egin ahal izango dio Bertsoak.

Elkarlanaren emaitza

Gaur egun Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Librean Kooperatiba Elkarte Txikiak elkarlanean gauzatzen duten proiektua da Bertsoa.eus. Atariaren berritzea ere elkarlan baten ondorio izan da: Codesyntax enpresa arduratu da webgunea berritzeaz; Iametzak hartu du datu-base berria sortu eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren BDBrekin lotzeko lana eta Abaraskak egin du diseinua. 

Ikus ezazu hemen sareko plaza digital berritua: hauxe da egungo www.bertsoa.eus!

Azal eta mami berria ditu Bertsoa atariak.