Epaileentzako trebakuntza zikloa, urtarriletik ekainera bitarte

2021/12/21
Sei saio egingo dira, eta aldiro bakoitzean izena emateko aukera irekiko da. Lehena urtarrilaren 15ean izango da, eta izen-ematea urtarrilaren 3an hasiko da. Jada jardun horretan ari diren lagunei zuzendutako zikloa da, eta Bertsozale Elkartetik egingo zaie deialdia.

Bertsozale Elkarteak prestakuntza eskaini nahi die epaileei. Bertsolaritzaren baitan oso momentu jakinetan hartzen du parte epaileak, baina une horietarako ondo trebatuta egotea dagokio, eta horretarako baliabideak eskaini nahi zaizkio Epaile Eskola Iraunkorraren bidez. Euskal Herriko bertso epaileak saretzen ere lagundu nahi du eskolak.

Azken ikasturteetan trebakuntza horrek ez du etenik izan: online tresnak baliatuta egin da aurrera, aurrez aurreko saioak ezin eginda. Gainera, epaileen parte-hartzea eskatzen duten txapelketak edota sariketak atzeratu egin behar izan dira, eta horrek ere izan du eraginik.

Formazio horri bultzada emateko asmoz, trebakuntza zikloa antolatu dugu Epaile Eskola Iraunkorreko kideentzat. Hartara, aurrez aurreko trebakuntza indartzeko, epaitzeko irizpideez elkarrekin hausnartzeko eta bertsogintzako iritzi kritikoa garatzeko erremintak eskainiko dira, besteak beste, formazioan pausoak emanez eta bertso epaileen sarea indartuz.

Urtarriletik ekainera bitarte

Sei saiok osatuko dute trebakuntza ziklo hau. Urtarrilean izango da lehena, eta hilero egingo da saio bat ekainera arte. Larunbatetan izango dira, aldiro leku batean eta jorratu beharreko gaiak ere aldatuta. Saio bakoitzerako eman beharko da izena; beraz, posible izango da guztietan, batean, bitan edo nahi direnetan parte hartzea, beti ere aurretik izena emanda.

Bertsozale Elkarteak egingo die deialdia Epaile Eskola Iraunkorrean aritzen diren kideei saio bakoitzaren aurretik, interesa izanez gero izena eman dezaten.

Oso momentu jakinetan hartzen du parte epaileak, baina une horietarako ondo trebatuta egotea dagokio. / XDZ