"eMCumeak" Hitzetik Hortzeran

2023/10/19
Itxaso Paya sortzaile algortarra elkarrizketatuko da aste honetako Hitzetik Hortzeran. Horrez gain, Odietako bertso musikatuak eta Iurretako eta Lazkaoko jaialdiak izango dira larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Alor desberdinetan aritua eta aditua da lanean Itxaso Paya algortarra, baina beti sormena izan du oinarri. Ikusi dugu bertsotan, kantuan, aktore eta kultur eragile lanetan. Gaztetxotatik izan da ALBEko bertso-eskolako kidea, eta hainbat urtetan oholtzan ikusi dugu kantuan. Orain urrutixeago badabil ere, bertsoa egunerokoan oso presente du Itxaso Payak. Plazandrea da bera definitzeko erabili daitekeen hitzetako bat, eta pasioz bizi du oholtzan sentitzen duen magia, edozein sormen alorretan arituta ere. 

Azken urtean Nor da Maurizia? antzezlanarekin ibili da herriz herri aktore lanetan, eta emanaldi berri bat ere badu eskuartean: Maria Riverorekin batera, azaroaren 26an estreinatuko du eMCumeak satira musikala. Euskal emakume sortzaileen errealitatea umorez oholtzara eramatea eta ikusgarri egitea da euren asmoa. Getxon estreinaldia egin ondoren, Euskal Herrian barrena ibiliko dira antzokiz antzoki.

Urriaren 21ean ospatuko diren BEST jaialdiari buruz ere arituko dira Itxaso Paya eta Mirari Martiarena Hitzetik Hortzeran, Bizkaiko Emakume Sortzaileen II. Topaketak antolatzen buru belarri ari baita Zelako Kultur Ideiak Kooperatibako lantaldearekin. Iaz sortu zituzten topaketa hauek, Bizkaiko emakume sortzaileen sarea osatzeko, ezagutzeko eta kezkak elkarbanatzeko topagune bat sortuz. Egun guztiko egitarauaren barruan bertso saio berezi bat ere antolatu dute: Bertsopotorrea deitu diote. Bertsoa eta stand-upa uztartuko dituen emankizuna izango da.

Odietako, Iurretako eta Lazkaoko bertsoaldiak

Odietan, Esan Erran irratiaren 25. urteurrenean antolatu zen bertso musikatuen saioko bertsoaldiak izango ditugu aste honetako Hitzetik Hortzeran. Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal aritu ziren kantuan, Iñigo Ibarraren esanetara eta Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariek lagunduta.

Odietako bertso saioa

Iurretan, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariek kantatu zuten, Maite Berriozabalek gidatutako saioan. Lazkaon, berriz, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran aritu ziren kantuan, Iker Iriartek gaiak jarrita.

Gogoratu: Hitzetik Hortzera larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Itxaso Payarekin elkartuko da Mirari asteburu honetako saioan.