Elkarlanean, ezagutza antolatzen eta eraikitzen

2020/10/21
"Egungoa jasotzea da ezagutzaren memoria idazteko lehen pausoa". Horretan dihardu Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Oihana Aranburu Balerdi da taldeko koordinatzailea.

Bizitza arrasto txikienak sortzen du mugimendua, eta, mugimenduak bidea egiten duenean, pilatzen doaz esperientzia eta ezagutza. Egungoa jasotzea da ezagutzaren memoria idazteko lehen pausoa.

28 urteko ibilbidea osatua du Xenpelar Dokumentazio Zentroak, zeregin nagusia bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzea duela. Dokumentazio biltegia osatzen aritu gara geroztik, bertsolaritzaren memoria eraikitzen. Dokumentuak, lan tresnak, datuak eta datu baseak: dokumentazio egitasmo propioa sortu dugu, informazioa eta ezagutza antolatu eta eraiki egin behar baitira ondoren edukia erabilgarri jarri eta  zabaltzeko. Bertsolaritza mugimenduak, sorkuntza kolektibo bat izanik, ezagutza ere modu kolektiboan jasotzea ezinbestekoa du. Plaza, harreman sareak, komunitatea… oinarrizkoa da bertsolaritzaren ekosistema osoa ezagutza horren artikulazioaren parte izatea, gure memoria hankamotz gera ez dadin. Bertsozaleak, bertsolariak, elkarteak, bertso-eskolak, hedabideak, administrazioa, antolatzaileak… mugimenduaren parte diren eragileen
ikuspegi eta baliabideak elkarlanean jartzea.

"Bertsolaritza mugimenduak, sorkuntza kolektibo bat izanik, ezagutza ere modu kolektiboan jasotzea ezinbestekoa du"

Bilketa kolektibo hori elkar ezagutuz, elkar elikatuz, elkarlanean eta elkarreraginean sortzea beharrezkoa da; bertsolaritzaren ekosistema bizi horretan zubiak eraikitzea eta zaintzea. Dokumentazio eta informazioaren truke txiki horietan baitago benetako ezagutza trukea eta ondare komun bizi honen aberastasuna. Bertsopaperak, grabazioak, doinuak, kartelak, argazkiak, liburuak… komunitate zabal eta askotariko baten ondasun oparoa. Antolatutako bertsolaritzaren bilduma zabal hau, bertsolaritzaren corpusa, norbanakoen nahietarako, noski, baina, bereziki, premia edo behar kolektiboei erantzuteko dago. Ikertzeko, ikasteko, irakasteko, gozatzeko, ez ahanzteko, zer garen ezagutzeko eta hobetzen joateko. Etenik gabe, gaurtik hasita.