Ekhiñe Zapiainek Nafarroako bertso eskoletako hiztun berriei eta ez hain berriei buruz hitz egingo du Hitzetik Hortzeran

2025/09/17
Zapiainen elkarrizketaz gain, bertso jarriak eta Lakuntzako eta Orozkoko saioetako bertsoaldiak ere ikusgai izango dira aste honetako programan; larunbatean izango da, 21:00etatik aurrera, ETB1en.

Hiztun berriak eta ez hain berriak Nafarroako Bertso Eskoletan izenburuko ikerketa ondu dute Ekhiñe Zapiainek, Miren Artetxek eta Naroa Barrusok. Abiapuntu bezala Miren Artetxeren tesian solte geratu ziren hari mutur batzuk hartu eta ikerketa egiten hasi ziren hirurak, Nafarroako Gobernuak bertsolaritza ikertzeko eskaintzen duen laguntzarekin.

Egindako lan horri buruz elkarrizketa egin diote Hitzetik Hortzera saioan Ekhiñe Zapiaini. Besteak beste, Nafarroako bertso eskoletako ikasleen eta bertsolarien profilak zeintzuk diren azalduko du, hizkuntza legitimitateari buruz arituko da, hizkuntzei dagokienean ditugun sinesmenei buruz eta hizkuntza ideologiak bertsolaritzan duen eragina zein den azalduko du, baita ikerketaren ondorioak ere.

Zapiainekin solasaldia aprobetxatuz eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa hastear dagoenez, txapelketak herrialdean sortzen duen giroari buruz ere arituko dira programan.

Bertso jarriak ere bueltan, Hitzetik Hortzeran

Denboraldi honetan ere bertso musikatuak izango zirela iragarri zen, eta aste honetan izango da atalaren hasiera.

Lehenengo honetan, Bertso berriak horma zaharrei jarriak izeneko sorta eskainiko da programan. Sorta hori Espainian behera bezala da ezagunagoa, eta Xabier Amurizak idatzitakoa da 1972an. Bertsoetan Zamorako kartzelako espetxealdia kontatzen du Amurizak.

Programan Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek abestuko dute sorta; musika, iazko denboraldian bezala, Manex Pagolak jarriko du.

Lakuntzako eta Orozkoko jaialdietako bertsoak ere entzungo dira

Plazako bertsoak ere astero ikusi eta entzun ahal izaten dira Hitzetik Hortzeran, eta horrela izango da oraingoan ere. Alde batetik, Lakuntzako festetako jaialdiko bertsoak izango dira. Aner Peritz, Onintza Enbeita eta Saats Karasatorre aritu ziren kantuan eta gaiak jartzen Ibai Hernaiz eta Jasone Etxebeste.

Beste alde batetik, Orozkoko festetako bertsoaldiak ere izango dira larunbat honetako programan. Begoñe Olabarriak gidatu zuen saioa eta bertsotan Jon Maia, Nerea Ibarzabal eta Oihana Bartra aritu ziren.

Larunbatean izango da, beraz, Hitzetik Hortzeraren bigarren atala. 21:00etan hasiko da, ETB1en.