Ekainaren 4an Ereñotzun ospatuko da Euskal Herriko Eskolartekoa

2016/04/26
Txirritaren jaioterrian izango da aurtengoan, bertsolaria hil zela 80 urte beteko direnean.

Ekainaren 3an Txirrita hil zela 80 urte beteko dira eta hurrengo egunean bertsolariaren jaioterrian bertan ospatuko da Eskolartekoaren festa handia. Ereñotzun, Hernaniko auzo-udalean, Txirritaren omenezko urtea ospatzen ari diren honetan, egitarauaren baitan eskainiko da Euskal Herriko Eskolarteko finala.

11:00etan hasiko da bat-batekoaren finala. Bertsotan herrialde bakoitzeko bi bertsolari aditzeko aukera izango da. Finalista denek ere, sari nagusia Gabonetan egingo den Ahots Baten sormen egonaldia izango dute: bertan aukera izango dute antzerki mundutik, kantagintzatik zein literaturatik datozen euskal gazteekin elkartzeko, aterpetxe batean. 

Finalaren ondoren, 14:00etan Larre-gain sagardotegian egingo da bazkaria; erromeria emanaldi berezia izango da bazkalostean, Xabier Solano, Jonmari Beasain, Sergio Ordoñez eta Harkaitz Bastarrikaren eskutik. Bazkarirako txartelak jada salgai dira www.bertsosarrerak.eus atarian. Herrialdeetatik autobusak jarriko dira Ereñotzura eta sagardotegira; autobusez etorri nahi izanez gero, jarri harremanetan zure herrialdeko Bertsozale Elkartearekin.

Herrialdeak Eskolartekoan murgilduta

Bertso-eskoletako 15-18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte Eskolartekoan, bat-bateko txapelketan. Aurten, guztira, 88 gazte ariko dira kantuan, Euskal Herri osoan egingo diren 11 saioetan.

Nafarroa eta Gipuzkoa izan dira goiztiarrenak eta jada ospatu dituzte Eskolartekoari loturiko jaiak. Hala, erabaki dute zeintzuk ariko diren Euskal Herriko finalean: Nafarroatik, Joanes eta Xabat Illarregi ariko dira eta Gipuzkoatik, Beñat Mujika eta Aizpea Garmendia.

Maiatzaren 21ean egingo dute Eskolarteko azken eguna Arabari eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokionez. Aramaioko Kultur etxean izango da bata, 11:00etatik aurrera, eta Hazparneko Zinema gelan bestea, 14:30etan. Bizkaian, maiatza osoan kanporaketak egiten aritu ostean, maiatzaren 22an egingo dute azken eguneko ospakizuna, Getxoko Fadura aretoan, 12:00etan. Hara joateko bazkari txartelak eta egunean bertan soinean eramateko Oinak buruan kamisetak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Lourdes Ondaro kantuan iazko finalean, Orion. Iturria: XDZ