Durangoko Azoka aurreratu du BertsoZaleak

2016/11/09
Aste honetan bertan izango diren Xilabaren finala eta bertsolaritzaren inguruko doktore tesien aurkezpenaren ingurukoak ere badakartza hilabete honetako aleak.

Goienkaleko 41.ean izango du bertsolaritzak tokia aurtengo Durangoko Azokan, Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen eskutik; ez hori bakarrik, emanaldiak ere izango baitira Landako gunean, eta horiek guztiak bildu ditu BertsoZalearen 178.zenbakiak.

Xilabaren eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren jarraipena egiten ari da berripapera. Larunbatean jokatuko da Baionako Lauga aretoan Xilabaren finala eta hari dagozkion xehetasunak azaltzen dira berripaperaren azalean bertan. Era berean, aste honetan ere, bertsolaritzaren inguruan martxan diren doktore-tesien aurkezpena egingo da Amasa-Villabonako Subijana etxean. Hitzordu honen eta ikerketa deialdiaren esleipenaren gainean ariko da azaroko alea.

Euxebio Igartzabal Alustizaren puntua, Maialen Lujanbio Zugastiren bertsoa, koplak eta poto-finixa ere topatuko dituzu azaroko BertsoZalean. On egin!

Xilabaren finala, berripaperaren azalean.