Datorren ikasturtean, bi bertso eskola feminista

2019/06/26
Ahalduntze Bertso Eskola eta Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista egingo dira. Udazkenean abiatuko dira biak; izen-ematea irailaren 9tik 20ra arte izango da.

Bertsozale Elkarteak azken urtean egindako Gogoeta Estrategikoan azaleratu da pedagogia feminista lantzen jarraitzeko beharra. Hala, bi bertso eskola feminista eskainiko ditugu udazkenean hasita.

Lehen ikasturtea izango du Gizonezkoen Bertso Eskola Feministak. Hainbat gizonezko bertsolarik aipatu izan dute feminismoa lantzeko espazio honen beharra. Bertsolari gizonezkoei feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskainiko zaie, talde dinamikak nahiz adituen edota arituen ekarpenak izango dituzte bertsolariek saioz saio, eta gogoetarako eta esperientziak partekatzeko espazioa egituratu nahi da; bertsotan egiteko espazio bat ere izan nahi du gizonezkoen bertso eskola feministak. Arkaitz Goikoetxea eta Iker Iriarte ariko dira saioen gidaritzan.

Hilero saio bat izango du eskolak, larunbatez, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Irailaren 9tik 20ra izango da izena emateko aukera www.bertsozale.eus webgunean bertan.

Ahalduntze Bertso Eskola, bosgarren urtez

Era berean, bosgarren urtez, Ahalduntze Bertso Eskola ere antolatu dugu, ohiko maiztasun lekuan, eta izen-ematea epe berean egin ahal izango da: irailaren 9tik 20ra arte.

Datorren ikasturtean, gainera, pauso berri bat ematera goaz: plazarako trebatu nahi duten emakume gai jartzaileentzako ere eskainiko da Ahalduntze Bertso Eskola. Gai jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal ariko dira. 

Orain 4 urte abiatu zen, 2015-2016 ikasturtean, Ahalduntze Bertso Eskola. 26 bertsolarik hartu dute parte orain arte, eta gai jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Arkaitz Goikoetxea aritu dira. Egitasmo honen sorrera bertso munduko emakumeen bi topaketei esker etorri zen: 2013an, Artaunsoroko topaketan, emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak bistaratu ziren, eta, 2014an, Azkizuko topaketan, egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortzeko beharra azpimarratu zen.

Hala sortu zuen Bertsozale Elkarteak Ahalduntze Bertso Eskola, emakume bertsolarien plazaratzea sustatzeko asmoz. Espazio hori emakume bertsolarien parte hartzearekin diseinatu zen.

Sorreratik, bertso eskola honek hiru oinarri izan ditu, eta hala izango ditu Gizonezkoen Bertso Eskola Feministak ere: aniztasuna –adin, bertso maila, izaera, zein feminismoko ikuspegien arteko aniztasunari leku egitea. Horretarako, ahalegintzen gara zaintza talde dinamikaren oinarrian jartzen; zaintzaz ikasteko gune bat da-; konpromisoa -bertso eskolan parte hartzeko eskatzen den baldintza bakarra da; ikasturtean zehar saioetara etorri eta bat-batean jarduteko jarrera hartzea-; eta esperimentazioa -ikasteko gune bat da, etengabeko bilakaeran ari dena, mugimenduan. Metodologia ere egokitzen joaten gara-.

Ahalduntze bertso eskolak orain amaitu berri du ikasturtea. / XDZ