Bizkaiko Txapelketaren atzerako kontaketa Bertsoan

2016/12/12
Finalisten hitzak bilduko ditu sareko plazak gaurtik ostegunera bitarte.

Abenduaren 17an, larunbatean, jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala Bilbao Arenan. Zortzi bertsolari ariko dira oholtza gainean, eta finalista horien hitzak jaso eta hedatuko ditu aste honetan Bertsoak: Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Beñat Ugartetxea eta Jone Uria bertsolarien hitzak astelehenetik ostegunera bitarte eskainiko dira sareko plazan.

Bihar bertan aurkeztuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala prentsaren aurrean eta hango xehetasunak bilduko ditu Bertsoak; baita ostiralean jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketaren kanporaketaren ingurukoak ere eta Bertsozale ugari biltzen dituen Zarauzko Kopla Txapelketarenak.

Bertsoaldiak entzuteko aukera ere izango da sarean: Xenpelar Sariketako finalean botatako aleak eta Laudioko saioan entzundakoak. Bestalde, ohi bezala, ostiralean Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin duela zenbait urteko bertsoaldia berreskuratuko du Bertsoak Historikoan, oraingo honetan Bizkaiko Bertsolari Txapelketarekin loturik.

Eta bertsotatik harago, hitz lauz luze eta sakon Arantzazu Loidirekin izandako elkarrizketa ere ikusgai eta entzungai izango da ostegunean.

Jarraitu bertsolaritza Bertsoan!

Miren Amuriza eta Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolarien hitzak, gaur.