Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren inguruan, talde antolatzailearekin

2016/11/28
Bertsoa txapelketaren jarraipen estua egiten ari da; finalean abestuko duten bertsolarien zerrenda ezagutuko da aste honetan eta adi egongo da sareko plaza Larrabetzuko finalaurrekoan.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartu da. Finalaurrekoetan murgilduta dela, talde antolatzaileko bi kiderekin izan da Bertsoa eta beren iritziak entzun ahal izango ditugu asteazkenean. Bestalde, Basaurin jokatutako finalaurrekoan botatako aleak berreskuratuko ditu sareko plazak asteartean, baita parte-hartzaileen hitzak ere. Larunbatean izango da azken finalaurrekoa Larrabetzun eta adi jarraituko du Bertsoak saioa.

Laster da gurean Durangoko Azoka ere, eta bertsolaritzari loturik azokan izango diren argitalpen eta ekitaldiak ezagutaraziko dizkigu; tartean, Mundu bat ahoz aho dokumentala. Bestalde, Xenpelar Sariketaren eta Mallabiko Bertsolari Gazteen Txapelketaren berri emango du.

Bertsoak ere izango dira entzungai: Legazpiko saioan botatakoak entzungai dira jada eta Amasan egindako saiokoak asteazkenean entzun ahal izango dira. Ostiralean, ohi bezala, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin, atzera begirakoa egingo du bertsoak, duela zenbait urtetako bertsoaldia berreskuratuz.

Hori eta askoz gehiago, aste honetan, Bertsoan!

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako berri eta Legazpiko bertsoaldiak, gaur