Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko hautaketa, Bertsoa.eus atarian

2018/12/12
Egunean bertan sareratuko dira bertsoaldiak txapeldunaren hitzekin batera. Aste osoan zehar zortzikote finalistaren adierazpenak ere entzun ahal izango ditugu sareko plazan.

Larunbatean jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalari begira dago Bertsoa.eus ataria. Asteartean elkartu ziren finalistak Miribillan (Bilbo) eta han izan zen Bertsoa.eus atariko lantaldea ere. Txapelketako azken hitzordura sailkatu den zortzikotearen hitzak bildu zituzten Bertsoa.eus-eko kamerek eta horiek entzuteko aukera izango dugu aste osoan zehar. Gainera, finalaren egunean bertan argitaratuko du sareko plazak eguneko bertsoaldi hautaketa eta baita txapeldunaren hitzak ere. Emanaldia zuzenean jarraitzeko aukera ere eskainiko du.

Bestalde, Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz Durangoko Azokan izandako solasaldia ere ikusgai da Bertsoa.eus atarian.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala adi jarraitzen ari da Bertsoa.eus.