Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izango da Hitzetik Hortzera
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da abenduaren 20an Bilboko Casillan eta hurrengo zortzikoteak kantatuko du bertan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa.
Bertara joan ezin dutenek finala zuzenean ikusteko aukera izango dute ETB1en, 16:45etik aurrera, Ilaski Serranok aurkeztutako programa berezian. Serranok alboan izango du Ainhoa Urien aditua, bere ikuspuntua eman eta saioaren analisia egiten. Elkarrizketak, ostera, Anabel Arraizak egingo ditu.
Igandean, txapeldunarekin elkarrizketa
Finalaren biharamunean, abenduaren 21ean, Hitzetik Hortzera berezia izango da 15:00etan ETB1en. Casillako bertsoaldiak eskaintzeaz gain, finala amaitu orduko Mirari Martiarenak txapeldunari egindako elkarrizketa ikusteko aukera ere izango da.
Plazan eta txapelketetan eskarmentua duten zortzi bertsolari ikusiko ditugu oholtzan zapatuan: Onintza Enbeitak bere hamargarren Bizkaiko finala du; Jone Uriak ere ongi ezagutzen ditu finalaren zirrikituak, zortzigarren finala izango baitu aurtengoa; Xabat Galletebeitia seigarren aldiz ariko da; Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga eta Oihana Bartrarentzat hirugarren finala da domekakoa. Txaber Altubek, berriz, lehen finala izango du. Eta zortzi horietako bati jantziko dio txapela Arantza Plazak.
Asteburuan izango da beraz bertsoak entzuteko aukera: larunbatean 16:45etik aurrera zuzenekoa eta igandean, berriz, Hitzetik Hortzera berezia 15:00etan.