Biriatuko eta Legazpiko saioak, Bertsoa.eus atarian

2018/03/06
Arabako Bertso Kuadrilla Arteko eta Nafarroako Bardoetako bertsoaldien hautaketa ere eskainiko da.

Ohiko plaza, taldekako txapelketa eta hainbat sariketarekin abiatu du martxoa bertsolaritzaren ekosistemak; eta horiek guztiak bere isla izango dute Bertsoa.eus atarian.

Unai Agirre, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izan ziren pasa berri den asteburuan Biriatun, Aimar Karrikak jarritako gaien esanetara. Bestalde, Legazpin bertso afaria izan zen Unai Agirre eta Aitor Sarriegi bertsolariek girotuta, Ane Belokik gidari lanak egin zituela. Bateko zein besteko bertsoaldiak bildu zituzten Bertsoa.eus webguneko kamerek eta horiek gozagai izango dira aste honetan bertan.

Gainera, asteburuan izandako Arabako Bertso Kuadrilla Arteko eta Bardoetako finalaurrekoetako bertsoaldiak ere jarriko ditu eskura sareko plaza digitalak, eta sariketei ere jarraipena egingo die: Erniarraitz, Bertso Erronda eta BBK Sariketa abian dira.

Aitor Sarriegi eta Unai Agirre izan ziren Legazpiko bertso saioan.