Bidenabar musika taldeko kideak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatuak
“Bidenabar” hitzaren esanahia beste zerbaitek ematen duen aukeraz baliatzea da. Baina Bidenabar Baztango musika talde bat ere bada, eta taldea osatzen duten hiru lagunak elkarrizketatuko ditu aste honetan Mirari Martiarena Iraolak Hitzetik Hortzeran. Ane Fagoaga Izquierdo, Kattalin Arizmendi Andueza eta Malen Alzuart Aranburu baztandarrak duela hiru urte hasi ziren abesteko elkartzen eta kontzertuak ematen eta, orain, euren lehenengo lana grabatzekotan dira. Momentu berezi honetan elkarrizketatu ditu Hitzetik Hortzerak, eta orain arteko bizipenei, kontzertuei eta sortze prozesuari buruz ariko dira.
Fagoaga, Arizmendi eta Alzuart hirukoak musika taldea osatzeaz gain, hirurek dute bertsoarekin lotura: Baztango Bertso Eskolako kideak dira. Fagoagak eta Alzuartek, gainera, Bardoetan parte hartu izan dute, eta esperientzia horri buruz arituko dira programan. Musikak ematen dienaz gain, bertsoak ematen dienaz ere hitz egingo dute.
Azkoitiko eta Dulantziko bertsoaldiak, entzungai
Bertsoaldiek osatuko dute programa, betiko antzera. Alde batetik, Azkoitian Maxixatzen Euskaldunon elkarteak 30 urte bete dituela eta bertso jaialdia antolatu zuten herrian. Kantuan aritu ziren Andoni Egaña Makazaga, Eneritz Artetxe Eizagirre, Igor Elortza Aranoa eta Maialen Lujanbio Zugasti, eta Amaia Ugalde Begoñak egin zituen gai-jartzaile lanak.
Beste alde batetik, Arabako Bertsolari Txapelketa finalaurrekoen fasean bete-betean sartuta dago eta larunbateko programan Dulantziko saioko bertsoaldiak izango dira. Maddi Agirre Epeldek irabazi zuen saioa eta berekin batera aritu ziren bertsotan Aroa Arrizubieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Ekaitz Samaniego Curiel, Iñaki Viñaspre Simon eta Unai Anda Delika. Gai-jartzaile lanetan Olatz Santocildes Martinez aritu zen.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.