Beste pizkunde bat euskarari

2025/11/07
Euskalgintzaren Kontseiluak herri gogoa pizteko ekitaldia antolatu du abenduaren 27rako, Bilbao Arenan; euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri eta euskarari beste pizkunde bat emateko.

Euskalgintza Kontseiluko kide da Bertsozale Elkartea, eta hortaz, hainbat erronka konpartitu ditugu Kontseiluarekin. Horietako bat, euskara eta euskal hiztun komunitatea bizitzen ari den larrialdi linguistikoa, eta, horri lotuta, euskararen etorkizuna; eta, bestea, abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den ekitaldi jendetsua. Abenduko ekitaldiarekin herri gogoa piztu nahi da, euskarak beste pizkunde bat bizi dezan.

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, euskalgintzako eragile nagusien eta erreferentziazko euskaltzaleen agerraldia egin da ostegunarekin Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), 18:30ean hasita. Eragileen artean izan da Bertsozale Elkartea, eta egindako adierazpenarekin bat egiten du: Euskaltzaleon garaia da.

Euskalgintzaren Kontseiluaren esanetan, euskararen etorkizunak kezka sortzen du, eta badaude horretarako arrazoiak, gero eta nabariagoak baitira duela mende erdi pasa hasitako pizkunde zikloa agortu delako zantzuak. Pizkunde berri baterako garaia da, beraz. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak esan bezala: «euskarari beste pizkunde baterako argi izpia ekartzekoa, itxaropenaren txinparta piztekoa». Horretarako, arestian esan bezala, euskaltzaleon garaia da.

Izan ere, Eskisabelek azaldu duenez, «euskaldunok asko dakigu horretaz, itxaropena pizteaz». Historiako hainbat gertakariri egin die erreferentzia ideia hori lurreratzeko, tartean Lore Jokoei, eta, batera edo bestera, euskarari mundu bat ematen saiatu ziren ekimenei. Horietako askok ernamuin bat Arantzazun dutela gaineratu du, euskaltzaletasuna barreiatzeko leku izan dela, itxaropenaren hedatzaile. Horregatik, beste pizkunde baten txinparta ere Arantzazun bertan piztu nahi izan da.

Abenduaren 27an, Bilbora

Pizkunderako norbanakoei egin die, baina gogorarazi dute ezinbestekoak izango direla erabaki politikoak ere. Bukatzeko, euskaltzale oro deitu dute abenduaren 27an Bilbo Arenara joatera: «euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz. Euskaltzaleon garaia da!». Bertsozale Elkartetik ere ekitaldira joateko deia egiten da.

Arantzazun egindako agerraldia. Euskalgintzaren Kontseilua.