Bertsozale mugimendua kulturgintzan

2021/07/08
"Baditugu oinarriak kulturaren ikuspegitik jauzi bat egiteko. Geuretik. Diskurtso indartsua egiteko; eta garatzeko". Igor Elortza Aranoak elkarteak kulturgintzan duen kokapenari buruz "Bertsozale Elkartea Gero(r)a Mugitzen" argitalpenean idatzitakoa.

Ez da non gauden eta nora joan nahi dugun bakarrik. Geure burua non ikusten dugun eta non ikus gaitzaten gura dugun ere bada. Horregatik erabaki dugu, besteak beste, kulturgintzan indar handiagoa egitea datozen urteetan. Funtzio sozial bat dugulako, eta, beraz, erantzukizuna ere bai.

Bertsogintza sorkuntza baita, lehenengo eta behin. Sorkuntza adierazpide arrakastatsua euskal herrietan. Bertakotasun eta gaurkotasun handikoa. Eta adierazkide ugari dituena, lehen eta orain, hemen eta munduan, euskaraz eta erdaretan; hitzez, kantuz, jendaurreko sorkuntzan dabiltzanak. Eta, hala ere, oraindik kostatu egiten zaigu bete-betean kulturgintzan ikus gaitzaten. Nekez kokatzen gaituzte administrazioek kultura sailetan; kultur eragile herritarrak sarri ahaztu ohi dira gutaz; ez dira bat edo bi gutxiesten gaituzten beste adierazpide batzuetako euskal sortzaileak. Geuri ere lotsa halakoren bat eragiten digu geure burua bete-betean kulturgintzan kokatzeak. Ez ei daukagu berezko diskurtsorik, zenbaitek dioenez. Oinarrizkoena hitzetara ekartzea, ordea, aski da bertsozale mugimenduaren ikuspegi indartsu bat formulatzeko, barrura zein kanpora begira. Euskal Herri triglosikoan eta aro globalizatuan, euskaraz goaz plazara. Askok euskaraz ez dakien herrian. Geroago eta euskaldun gehiago direnean espainolez edo frantsesez sozializatzen direnak. Eta kulturzale euskaldunek erdal sorkuntzak soilik ezagutzen eta kontsumitzen dituztenean.

Bertsogintza sorkuntza baita, lehenengo eta behin. Eta, hala ere, oraindik kostatu egiten zaigu bete-betean kulturgintzan ikus gaitzaten

Tradizio handiko adierazpide garaikidetu batean inprobisatzen dugu jendaurrean, ahozkoaren eta idatzizkoaren, herrikoiaren eta jasoaren arteko bereizketak lausotzen doazen garaian. Sakonak ditu erroak, baina, bereizkeriak, eta bertsogintzari aurrejuzgu ustez jasoekin begiratzen zaio sarri. Bertsolari eta bertsozaleak mugimendu autonomoan antolatu gara, herrietatik nazio mailara, kultura instituzionalizatuaren eta merkantilizatuaren garaian. Tentsio horretan ere, baina, ez gara bakarrak; ezagutzen ditugu esperientzia eraginkorrak beste adierazpide eta herrialde batzuetan. Baditugu oinarriak kulturaren ikuspegitik jauzi bat egiteko. Geuretik. Diskurtso indartsua egiteko; eta garatzeko. Sorkuntzan anbiziotsuagoak izateko; eta kritikoagoak. Posizio esanguratsuagoa emango diguten elkarlan sareak osatzeko; eta zabaltzeko. Bertsolaritza gerora mugitzeko.