Bertsozale Elkartearen proiektua, argitalpen batera ekarrita

2020/07/16
Elkartearen egitekoa azaltzen duen aldizkaria kaleratu berri dugu: "Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen". Orain arte egindako bidea eta hurrengo pausoak jasotzen ditu aldizkariak, eta webgune honetan duzu eskura.

Bertsozale Elkartearen proiektuak hainbat ertz ditu, eta guzti-guztiak ezagutzea ez da lan erraza. Begi-kolpe bakar batez egitasmo osoa ikustea eta ulertzea ahalbidetzen duen aldizkaria egin berri dugu: Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen.

80 orrialde inguru dituen aldizkariak Bertsozale Elkartea osatzen duten sei elkarteen, Mintzola Ahozko Lantegiaren, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eta Lanku Kultur Zerbitzuen berri ematen du. Egitura bakoitzari dagokion informazioa eskaintzeaz harago, sailez sail ere ematen dira xehetasunak. Orain arte eta egun egiten dena azaltzeaz gainera, 2018ko gogoeta estrategikoan ateratako ondorioak ere hartzen ditu aintzat.

Erraz barneratzeko informazioa ematen da, eta proiekturen batean gehiago sakondu nahi duenak webgunean du proiektu bakoitzaren berri. Gainera, argitalpenean elkarteko hainbat lagunen iritzi zutabeak daude; horiek ikus-entzunezko moduan ikusteko aukera dago aldizkariaren bertsio digitaleko loturetan sakatuta, hala nola, hainbat proiekturen ataletara.

Hementxe duzu uda honetako irakurgaia.