Bertsozale Elkarteak eta Mugimendu Feministak Oreretako Xenpelar Bertso-Eskolako irakasle baten erasoak salatu ditu

2026/05/28
Idatzi honen bitartez Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak azken denboran Oreretako Xenpelar Bertso Eskolaren inguruan gertatu diren zenbait eraso eta jarrera matxista salatu nahi ditugu.

Bertso-irakasle batek bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu ditu modu sistematizatuan botere-harremanak garatzeko eta erasotzeko. Behin eta berriz errepikatu ditu erasook bertso-eskoletan, Xenpelar bertso-eskolarekin lotutako espazio informaletan eta bertso mundutik haratagokoetan.

Hortaz, ez gara kasu isolatuetaz ari, 2018an indarkeria matxistagatiko salaketa jarri baitzitzaion Bertsozale Elkartean. Orduko hartan, Bertsozale Elkarteak neurri batzuk adostu zituen erasotzailearekin, bertsolaritzaren esparru formal zein informaletik desagertzea zekartenak, betiere bertsolaritza erasotuarentzat espazio seguru izateko asmoarekin eta horrelako gertakariak ez errepikatzeko helburuarekin. 

Adostutako neurriak hausten ari zela jakitean, 2024an, Bertsozale Elkarteak Indarkeria Matxisten kasuen kudeaketarako Barne Protokoloa aktibatu zuen. Aipatutako bertso-irakasleak gertaerak onartu  zituen eta aurreko helburuak betetzeko konpromisoak jasotzen zituen agiria sinatu zuen. Halaber, Xenpelar Bertso-Eskolako zuzendaritzako ordezkaritzak konpromiso horiek beteko zituela bermatuko zuela hitz eman zuen. 

2026an baina, Oreretako Xenpelar Bertso Eskolaren baitan, beste hainbat sexu-eraso eta jazarpen psikologikoren salaketak jarri zaizkio. 2018ko lehen salaketatik gaur egunera arte, ez ditu Bertsozale Elkartearekin egindako lanketan  hartutako konpromisoak bete eta neska gazteekiko jazarpena eta manipulazioa behin eta berriz errepikatu ditu. Autodefentsa eta saretze feministari esker jakin da bere ekiteko dinamika errepikatu dela: bertsolaritzan eta herrian daukan botere posiziotik botere-harremana garatzen du, manipulatu egiten du eta zapaldu; erasotu. 

Ulertzen dugu jokabide hauek izatea ia ezinezkoa dela inguruan babesik ez badu eta, nolabait, konplizeek ere ahalbidetu dutela erasotzaileak aipaturiko jarrerak izatea. Hala ere, jakin badakigu ez dela bertso eskola osoa konplize izan, ezta bertso eskolak erabili dituen espazio guztiak ere. Informazio eza nagusi izan da urte hauetan guztietan.

Aurtengo maiatzean honen guztiaren berri izan dute, lehen aldiz, Oiartzun eta Oreretako Mugimendu Feministek. Bertsozale Elkartera eta Mugimendu Feministara hurbildu diren emakumeen eskaera argia izan da: urteetan bertso-irakasle honek egin dituen erasoak eta betikotu dituen botere-dinamikak publikoki salatzea, baita horretarako babes izan zitzakeen konplizitateak, inpunitatea eta aliantza patriarkalak salatzea ere. 

Hori horrela, larunbatean, eguerdiko 12:30ean, Oreretako kaleak hartzeko eta kasua salatzeko  elkarretaratzea egingo da Oreretako Foru Plazan (Xenpelar). Autodefentsa, saretzea eta aliantza feminista da bidea.

 

Bertsozale Elkartea, Oreretako Mugimendu Feminista  eta Oiartzungo  Feministen Asanblada

 

Oreretako Foru Plazan kasua salatzeko ateratako talde-argazkia. XDZ