Bertsolaritzaren mapa osatuko du Hitzetik Hortzera saioak

Formatu berriarekin dator Hitzetik Hortzera. Eider Perezek egingo ditu aurkezle-lanak eta astez aste bertsolaritzaren mapa osatuko du collage baten bidez. Irailaren 30ean eskainiko da lehen atala eta, hortik aurrera, igandero 15:00etan izango dute bertsozaleek zita ETB1en.

Bertsolariak, gai-jartzaileak, bertsozaleak, bertso-eskolak, antolatzaileak, lekuak… horiek denak dira bertsolaritzaren mugimenduaren parte eta horiek ekarriko dizkigu Eider Perez aurkezleak. Saioz saio eta herriz herri, lekuan lekuko bertsolaritzaren protagonistak izango dira Euskal Telebistan.

Protagonista eta elementu horiek dira bertsoaren habitata, ingurunea, flora, fauna, klima… bertsolaritzaren ekosistema, alegia. Atalez atal ekosistema hori irudikatuko du mapa batean collage bidez, denboraldi amaierarako bertsolaritzaren mapa osatu arte.

Kontatzeko modu berriekin dator Hitzetik Hortzera, baina urtero moduan bertsolarien plazaz plazako jarduna izango da programaren oinarria. Irailaren hasieran Donostian egin ohi dituzten bi saiorekin hasiko da denboraldia, Trinitate plazakoa bat eta Aietekoa bestea.

Gidoilari-talde berria

Txakur Gorria taldeko Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo izango dira gidoilariak. Bertsolaritza ondo ezagutzen duen laukote gazteak ikus-entzunezko medioa eta ilustrazioa uztartuko dituzte. Gidoilari-talde berria, telebistan esperientzia handia duen taldearekin ariko da lanean. Azken urteetan bezala, Bertsozale Elkarteko ohiko kideak ariko baitira lanean Hitzetik Hortzeran: Felix Irazustabarrena, Jexux Mari Irazu, Gaizka Azkarate, Eneritz Urkola, Luis Gurrutxaga eta Haritz Arrizabalaga.

Hitzetik Hortzerak 30 urte

Duela 30 urte, 1988ko abenduan emititu zen lehen aldiz Hitzetik Hortzera. Hilean atal bat eskaintzen zen garai hartan eta geroago hasi zen asteroko emisioa. Orduko irudiak eta bertsoak ekarriko ditugu gogora aurtengo denboraldian, abendutik aurrera.

Hitzetik Hortzera Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoiztutako saioa da. Hedabide publikoak bertsolaritza sustatzeko hartutako konpromisoari esker, bertsozaleek astero izango dute hitzordua telebistan. Irailaren 30ean hasita, igandero 15:00etatik aurrera. 

Bertsolaritzaren ekosistemarekin jolasean, aurtengo Hitzetik Hortzeran.