<!DOCTYPE html> Bertsolaritzak ere hartu ditu oporrak, ikastetxean — Bertsozale Elkartea

Bertsolaritzak ere hartu ditu oporrak, ikastetxean

2017/06/14
Ekaina gerturatu ahala opor usaina hartzen hasiak gara, eta ikastetxeetan bertsolaritza lantzen duten gaztetxoek jaialdiak izaten dituzte ikasturtean egindakoa jai giroan biribiltzeko.

Euskal Herri osoko ikastetxeetan egiten dira ikasturte amaierako jaialdiak. Araban lau topaketa jendetsu antolatu dituzte. Ikastetxeak elkartzen dira herrika edo bailaraka, eta ikasgela bakoitzak prestatutako emanaldia eskaintzen du. Bertso-eskolek ere parte hartzen dute topaketetan.

Bizkaian 18 bertso topaketa egingo dituzte ikasturtea agurtzeko. Herri mailakoak dira topaketak, beste ikasle eta gurasoen aurrean. Bertso sortak kantatzen dituzte Oier Ponce musikariaren laguntzarekin, eta bertso saioa ere eskaintzen dute bi bertsolarik. Bestalde, kantaldiak ere egiten dituzte Bizkaian, Eire Larrea musikariarekin. Aurten 60 inguru egin dira.

Gipuzkoan herri mailako 100 jaialdi izango dira eta 33 Nafarroan. Beste ikasle, irakasle eta gurasoen aurrean egiten dituzte bertso emanaldiak.

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko ikasleek Bertsulari Ttiki egunak antolatu dituzte Larresoron, Hendaian eta Aiziritzen. Ikastola bakoitzeko haurrak besteen aurrean haien sortak kantatzen dituzte bertsolari eta musikariekin batera. Bertsotan Maddalen Arzallus, Sustrai Colina, Nahia Sasco, Amets Arzallus eta Battitt Crouspeyre ariko dira eta musika jotzen Oskar Estanga eta Maddalen Arzallus. Horrez gain, eskola eta kolegioko ikasleekin beste bost besta egun egiten dira Donibane Lohitzunen. Hego Lapurdiko Hirigunearekin lau ospatuko dira; bertan ariko dira Amets Arzallus eta Sustrai Colina, Oskar Estanga musikariaren laguntzarekin. Bestalde, beste besta egun bat ospatuko da Sainte Marie kolegioarekin.

Udan bertsolaritzarekin gozatzen jarraitu nahi duenak izango du aukera, besteak beste, Bertso Udalekuetan. Eta datorren ikasturtean berriro ere bertsolaritza izango da ikasgelan.

Ikasleak kantuan, Bermeoko topaketan. / XDZ