Bertsolaritza, ondare bizi eta biziberritua
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondare Zuzendaritzak antolatutako Ondarea Orain 2025 jardunaldietan hartu dugu parte, Bertsolari eta bertsozaleen komunitatea bertsolaritzaren zaintza eta geroratzean izeneko hitzaldiarekin, hain zuzen. Atzo, astelehenarekin izan zen hitzordua, arratsaldeko 18:30ean hasita, Koldo Mitxelena Kulturuneko Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan, Donostian.
Bertsolari eta Bertsozaleen komunitatea bertsolaritzaren zaintza eta geroratzean izenpean, bertsolaritza kultur ondare inmaterial izendatzeaz aritu zen Aritz Zerain Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko finantza berrikuntza arduraduna. Administrazio guztiek egindako aitortza da: 2018an Nafarroa Garaian, 2022an Ipar Euskal Herrian eta 2024an EAEn. “Adminsitrazioaren banaketa bada guretzat zailtasun bat. Zorionez, izendapena Euskal Herriaren lurralde osoa dugu, hiru administrazioetan”. Izendapenean hirurek bat egitea lortu izana azpimarragarria da, beraz.
Ondare inmaterial izendatzearekin, aitortza bi norantzan egin dela gaineratu du Zerainek: “mugimenduaren lana aitortu da, batetik; bertsolaritzaren balioa, bestetik”.
Izendapena bera, bertsolaritzaren mugimenduak egindako lanaren ondorio gisa bizi dugula azaldu du, eta hori berresten dute hainbat zehaztapenei heldu die Zerainek, guztiak izendapenean jasotzen direnak: aspaldikoa dela, belaunaldiz belaunaldi transmititu dela garaiko testuingurura egokituta, euskararen berreskuratzearekin lotura zuzena duela, bat-batekoa, errepikaezina, munduko egiten gaituena… Eta, aipatutakoei jarraiki, bertsolaritzaren hiru alderdi azpimarratuz bukatu du hitzartzea: mendez mende transmititu dela, bertsolaritzaren errealitate soziolinguistikoa eta gizartean dituen agerraldiak edo manifestazioak.
Ondare inmateriala bizirik dagoen ondarea da. Bertsolaritza, beraz, bizirik dago. Eta horren adibide zuzena izan da Zerainen hitzartzearen osteko bertso saioa. Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi aritu dira kantuan, librean. Lujanbiok esan bezala, hitzaldian esandako guztia garela sinistea ez da erraza: bertsolaritzak ez baitu falta / ikuspegirik ta planik / zenbat puntu ta zenbat detaile / aritzeko ni emanik / entzun batean zail da sinisten / hori guztia geranik. Gaztelumendik amaiera honekin erantzun dio: ahal dugunero aritzen gera zer gera eta non gaude. / Lehen baserritar kontua ginen / ta orain berriz ondare.
Eta hain justu ideia hori azpimarratu nahi izan du Zerainek ere. Ondare inmaterial izendapenaren atzean dagoen zaintza, bertsogintzaren eta bertsolaritzaren zaintza, ardura kolektiboa dela. Ausardia gakoa izan dela, baina baita gogoeta ere: “Etengabe biziberritzeko, gogoeta egin behar da”. Horretan aritu gara 87a geroztik. Orduan egin zen lehen azterketa soziologikoa, bertsolarien profilaren ingurukoa. Azkena, orain ari gara egiten. Horrez gain, aldikako gogoeta estrategikoak ere egin dira, lehenengoa 94an eta, gaur gaurkoz azkena, 2018an.
Gogoetatzen jarraitzeko hari mutur asko eskaini dituzte ondorengo bertsoaldietan Gaztelumendik eta Lujanbiok. Hala itxi da saioa.