Bertsolaritza ikasgelan sartzen denean

2019/10/24
Ikasle artean murgilduko da Hitzetik Hortzera. Bertsozale Elkartearen hezkuntza proiektua ezagutu nahi izan dugu, eta, horretarako, Abanto Zierbenako Askartza-Isusi eskolako haurrekin elkartu gara, Idoia Anzorandia irakaslearen eskutik.

1985etik dago martxan Bertsozale Elkartearen hezkuntza proiektua, eta, gaur egun, euskararen lurralde osoko 213 herritara iristen da, 463 eskola publiko, ikastola zein itunpeko ikastetxetara. Guztira, 50 irakaslek dihardute lan honetan, eta 28.454 ikaslerekin aritzen dira.

Aipatutako 50 irakasle horietako bat da Idoia Anzorandia, eta bere bertsolaritza eskola batera gonbidatu du Eider. Biribilean eserita, txandaka inprobisatzen aritu dira haurrak, eta primeran pasatu dute hitzarekin jolasean. Horren lekuko izango da Hitzetik Hortzera aste honetan.

Ikasmaterial zabala eta landua

Ikasmateriala sortzen ari da, etengabe, Bertsozale Elkarteko irakasle lantaldea. Mundu bat bertso liburu sortaz gain, orain bertsoikasgela.eus ataria ere baliatzen da gelan bertsolaritza lantzeko. 2011. urtean Bertsozale Elkartearen ikasmaterialak EAEko Hezkuntza Sailaren Ixaka Lopez Mendizabal saria jaso zuen.

Bestelakoak ere izango ditugu. Hainbat artistaren ekarpenez berrinterpretatutako beste bertso sorta bat eskainiko dizuegu oraingoan ere; Beñat Gaztelumendik beldurrari idatzitako sorta, hain zuzen. Lierni Kamio eta Beñat Monfort dantzariek gorpuztu dituzte hitzak, Araitz Bizkai eta Gari Otamendi musikariekin eta Maddalen Arzallus bertsolariarekin batera.

Gainera, Euskal Herriko hainbat txokotan izan diren bertsoaldirik aipagarrienak ekarriko ditugu pantailara: Zaldibiako Zapi Janztean entzundakoak, Antzuolakoak eta beste hainbat ale.

Hitzetik Hortzera, igandero 15:00etan, ETB1en; eta, edonoiz ikusteko, EITB Nahieranen astelehenetik aurrera.

Idoia Anzorandia Bertsozale Elkarteko irakaslearekin izango da Eider aste honetan.