"Bertsolaritza Genero Ikuspegitik" ikastaroak ereindakoa, Bertsoan

2018/07/02
Barañaingo, Igeldoko eta Iruñeko saioak ere argitaratuko ditu sareko plazak.

Udako Euskal Unibertsitatearen baitan, Bertsolaritza Genero Ikuspegitik ikastaroa eskaini zen pasa den astearen hasieran Iruñean. Han izan zen Bertsoa.eus atariko lantaldea ere, eta hizlarien hitzak jaso ziren ikastaroan beren ekarpena egin ondoren; hala, Karine Etxeberri, Elixabete Perez, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Maite Berriozabal, Oihana Iguaran, Jone Miren Hernandez eta Ane Labaka entzungo ditugu datozen egunotan. Ikastaroa biribiltzeko, Ez da kasualitatea! emanaldia ere izan zen gozagai eta hura ikusi eta entzuteko aukera izango da sareko plazan: Maider Arregi, Miren Amuriza, Nerea Elustondo eta Saioa Alkaiza aritu ziren bertsotan, Danele Sarriugarteren gaiei erantzuten eta Isaac Arrutik eta Gari Otamendik osatutako musikarekin lagunduta.

Baina ez dira entzun ahal izango diren bertso bakarrak, Barañaingo eta Igeldoko bertsoaldiak ere jaso baitituzte Bertsoako kamerek: lehenean, Amets Arzallus, Mikel Lasarte, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza aritu ziren, eta Igeldon, Amets Arzallus, Iker Zubeldia, Julio Soto eta Maialen Lujanbio.

Bertsolaritzak ikasgeletan izan duen ibilbideari ere erreparatuko dio Bertsoa.eus-ek, jada datozen asteetan Bertso Udalekuetan arreta jartzeko. Eta noski, plazaz plaza ibiliko da, uda honetan sarean ere bertso saioak falta ez daitezen.

Barañaingo bertso saioa eskainiko da aste honetan www.bertsoa.eus atarian.