Bertsolaritza gai duten ikerketentzako saria

2021/07/20
Ahozko kultur sorkuntzari buruzko lanentzako bi deialdi jarri berri dituzte martxan UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzolak: egiteko dauden lana monografikoentzat da bata eta amaitutako Gradu Amaierako Lanentzako bestea.

Bertsolaritza ikertu nahi izanez gero edota gradua amaitzeko aztertu berri baduzu, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak iragarritako bi deialdiok interesgarri egingo zaizkizu.

Batetik, 2.000 euroko ikerketa proiektu sari bat eskainiko da. Oraindik egin gabe dauden ikerlanak garatzeko saria da hori, eta master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko badira ere, beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira.

Bestetik, amaituak dauden Gradu Amaierako Lanentzako sari bat ere eskainiko da. Jada amaituta dauden Gradu Amaierako Lanentzat da; azken bi ikasturteetan defendatutako lanentzat, zehazki. 500 eurokoa izango da sari hau.

Bi deialdien kasuan, unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, euskarazko kultur sorkuntza izan behar dute lanek ikergai; horietako bat izan daiteke, esan bezala, bertsolaritza. Urriaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta lanak.

Informazio gehiago www.mintzola.eus eta www.ehu.eus/eu/web/laboakatedra atarietan.

Jarraian dituzu Mintzolak zabaldutako bideoan jasotako Mikel Artolaren hitzak.

Urriaren 20ra arte aurkez daitezke lanak. / XDZ