Bertsolarien kantaera igandeko Hitzetik Hortzeran

2019/01/17
Hitzari urrunago eta seguruago iristen lagun diezaioke kantaera ondo menderatzeak. Bertsoen kantaerari arreta berezia jartzen dion Eñaut Agirrerekin elkartuko gara Lazkaon. Legutioko eta Getariako jaialdietako bertsoaldiak ere entzungo ditugu.

Bertsolaritza hitzaren jolasa dela esan ohi da, baina ez da hitza bakarrik: kantua ere bada. Non igo, non jaitsi, noiz mantsotu, noiz bizkortu jakiteak hitzari urrunago eta seguruago iristen lagun diezaioke. Bakoitzak bere ahotsa, bakoitzak bere kantaera. Bertsolariak bereizten ditu horrek eta saioak aberastu.

Igandeko Hitzetik Hortzerarekin Lazkaora joango gara eta bertan bertsoen kantaerari arreta berezia jartzen dion lagun batekin elkartuko gara: Eñaut Agirre. Bertso zaharrak berreskuratu eta emanaldi musikatuak eskaini izan ditu Eñautek. Bertsoen kantaera zer den galdetuko diogu. Erreparatzen al diote bertsolariek kantaerari? Edo hitzari ematen diote pisurik handiena? Urteek aurrera egin ahala bertsolarien kantaera aldatu den ala ez jakingo dugu igandeko programan.

Legutioko eta Getariako bertsoaldiak

Legutioko kultur etxean izan zen urte hasierako bertso saioa. Kantuan aritu ziren Julio Soto, Maddalen Arzallus, Manex Agirre eta Oihana Bartra; gai jartzaile lanak Maialen Kortabarriak egin zituen. Getarian, aldiz, Balentziaga museoan izan zen bertso jaialdia. Oholtzara igo ziren Aimar Karrika, Alaia Martin, Amets Arzallus, Danel Olano, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga; gai jartzaile lanak Ane Ezenarrok egin zituen.

Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran atarian.

Eñaut Agirre ariko zaigu igandeko programan.