Bertsolari Aldizkariaren 35. urteurrenaz arituko dira Hitzetik Hortzeran
35 urte igaro dira Joxean Agirre Odriozolak Bertsolari Aldizkaria sortu zuenetik, 1991n. Urteurrenaren harira, gaur egungo koordinatzailearekin elkartu da Hitzetik Hortzerako lantaldea: Beñat Hach Embarekekin. Gaur egun, aldizkari bat baino gehiago da Bertsolari Aldizkaria; izan ere, urtean ateratzen dituzten lau aleez gain, www.bertsolari.eus atarian bertsogintzaren ertz desberdinak biltzen dituzte. Besteak beste, atarian topa daitezkeen lan desberdinei buruz hitz egingo du Beñat Hach Embarekek; baita aldizkaria osatzeko egiten dituzten lan desberdinei buruz ere.
Bertsolari Aldizkariak duela gutxi aurkeztu du ABD, bertsolaritzaren alfabetoa izenburuko bideo-podkasta. Komunitateari begira egindako sorkuntza berria da, atal bakoitzak letra baten izenburua izango du, eta letra horrekin hasten den kontzeptu baten bueltakoa izango da programa. Aurkezlea Mikele Arizkorreta Renedo aktore eta bertsozalea da eta hilero argitaratuko dute.
Bukatzeko, Bertsolari Aldizkariaren erronkei buruz eta 35. urteurreneko berezitasunei buruz hitz egingo dute.
Bertsoaldietan, Lezamako Ez da kasualitatea eta Mendaroko Motxaila Eguna
Aste honetan ere ez da bertsorik faltako Hitzetik Hortzeran.
Alde batetik, Lezamako Ez da kasualitatea bertso saioko bertsoaldiak izango dira aste honetako programan. Aissa Intxausti Aburruza, Josune Aramendi Perez eta Maddi Ane Txoperena Iribarren aritu ziren bertsotan. Gaiak Maite Berriozabal Berrizbeitiak jarri zituen eta saioko musikariak Araitz Bizkai eta Oihana Landa izan ziren.
Beste alde batetik, Mendaron urtero egiten da Motxaila Eguneko bertso jaialdia eta bertako bertsoaldien aukeraketa ere izango da. Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Andoni Egaña Makazaga eta Julio Soto Ezkurdia bertsolariek egin zuten bertsotan. Gaiak jartzen, berriz, Xeber Loiola aritu zen.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan ETB1en.